Politika -
Urtebete agintean
'Gipuzkoa Berria', Garitano buru duen Aldundiaren marka berria
Urtebete agintean eman ondoren, Martin Garitano ahaldun nagusiak marka berria aurkeztu du. "Gipuzkoa berria'' lelopean egingo du aurrera etorkizunean Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Erredakzioa
Bilduren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Gipuzkoa Berria' aurkeztu du. Lelo hori bertako jardunaren marka bihurtu dute, eta ideia horrekin egingo dute aurrera etorkizunean.
Urtebete egin du Bilduk agintean, eta egindako bidea aztertu eta egiteko asmoa dutena aurkeztu dute jendaurrean.
Besteak beste, Adegi patronaleko ordezkariak, Aranzadi zientzia elkarteko kideak, Basque Culinary Center sukaldaritza eskolako ordezkariak, Mondragon Korporazioko kideak, Biodonostia institutuko ordezkariak eta Errealeko buruak izan dira ekitaldian. Joseba Permach ezker abertzaleko kidea, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak eta herritarren hainbat ordezkari ere bertan egon dira.
Garitanok gogoratu du gipuzkoarrek Bilduri eman ziotela babesa, bi gai nagusiri aurre egiteko: krisi ekonomikoa eta normalizazio politikoa.
Azken kontu horren inguruan, Bilduko ordezkariak uste du Aldundiak gatazka konpontzearen alde lan egin duela, eta Aieteko hitzaldian parte hartu zuela azpimarratu du.
Bestalde, Gipuzkoako lehen indar politikoa legez kanpo jarraitzen duela eta, ''pauso garrantzitsu asko eman diren arren, Estatuak jarrera immobilista'' mantentzen duela salatu du.
Ekonomia
Garitanoren hitzetan, azken hamarkadetako "espekulazioak eta kapitalismoak krisi sakona eragin dute''. Horren aurrean, ''aldaketa politiko eta sozial'' baten alde egin du ahaldun nagusiak, eta ekonomia produktiboa eta eskualdearen garapena defendatu ditu.
"Gipuzkoa berriak elkartasuna eta berdintasuna ditu oinarri'', esan du Garitanok, eta ''kanpotik etorritako kolektiboekin elkarlanean eraikitako gizarte plurala'' aldarrikatu du.
''Epe laburrean'' Aldundiak hondakinen plangintza berria prest izango duela agindu du. Garitanok azaldu duenez, proiektu horri esker, ez da beharrezkoa izango errausketa-instalazioa, eta, gainera, ''kostua aurreko plangintzaren erdia izango da''.
Pasaiako kanpo portuaren proiektua baztertu egin du Garitanok, eta Herrerako lursailak itzultzea eskatu dio Portu-Agintaritzari, lursail horiei erabilera soziala eman ahal izateko.
''Bidezkoagoa eta progresiboagoa'' izango den politika fiskal berriaren alde egin du, eta Bidegi zorrari buelta ematea eta garraio publikoa sustatzea proposatu du.
Aldundiak azpiegiturak bultzatzen jarraituko duela aurreratu du Garitanok, betiere ''arrazoizkoak'' direnean eta ''lanak zelan, noiz eta zein epetan egingo diren ongi pentsatuta''.