Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Urquijo: 'Birgizarteratzea terrorismoaren aurkako beste neurri bat da'

"Kargu publiko bat Espainiako Gobernuaren aurka egiteko erabiltzea" egotzi dio Patxi Lopez lehendakariari; "akordioa hautsi duena Lopezen jarrera izan da", Urquijoren ustez.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria Radio Euskadin. EITB
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria Radio Euskadin. EITB
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria Radio Euskadin. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"ETAk desagertu egiten dela esan eta armak entregatu behar ditu", adierazi du Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak, "eta horretarako ez da egiaztatzailerik behar".

Radio Euskadin eman duen elkarrizketa batean, "ETAren diziplinatik banatzen direnentzako birgizarteratze plana terrorismoarekin amaitzeko neurri bat gehiago" dela nabarmendu du.

Dispertsioa terrorismoaren aurkako politikako parte dela adierazi du, eta orain "Gobernuak birgizarteratze plana aurkeztu du, Konstituzioaren barruan dagoen neurria, beste presoekin gertatu ohi den bezala".

"Terrorismoarekin amaitzeko beste neurri bat gehiago da, eta seguruenik, ez da garrantzitsuena"; emaitzak denborarekin ikusiko direla azpimarratu du.

Frantziak espetxe politika malguago bat ezarriko ote duen galdetuta, Barne ministroaren jarrerarekin gelditzen dela adierazi du.

ETAk min gehiago egin nahi ez badu "ate bat jo eta ‘hemen daude gure armak, desegin itzazue’", besterik ez duela esan behar gaineratu du, "eta desagertu egiten direla publikoki iragarri".

Sorturen legalizazioaren inguruan, "Justiziaren erabakia errespetatzea baino ez zaigu gelditzen", esan du; hala ere, "Batasuna joko politikoan dago beste guztien baldintza berekin, Bilduren eta Amaiurren bitartez".

Bestetik, Patxi Lopez, legegintzaldiaren amaieran "lehendakari izan beharrean, eta euskaldunen arazoak konpondu beharrean, Rubalcabaren ariete bilakatu da, Mariano Rajoyren Gobernuaren aurka", Urquijoren hitzetan. Ildo honetan, "Espainiaren Gobernuaren aurka egiteko kargu publiko bat erabiltzea" gaitzetsi du; horren ildotik, "akordioa hautsi duena Lopezen jarrera izan da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea