Politika -

IZENDAPEN BERRIAK

Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramaile izendatuko dute

Adriana Lastrak PSOEko idazkariorde postua utzita, Maria Jesus Monterok hartuko du haren lekua. Pilar Alegria Hezkuntza ministroa izango da Alderdi Sozialistaren Exekutiba Federaleko eleduna, eta, kontrakoa zabaldu den arren, Santos Cerdan nafarrak Antolakuntza idazkari karguari eutsiko dio.

Patxi Lopez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Patxi Lopez, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Patxi Lopez eta Pilar Alegria, PSOEren ahots berriak; Mª Jesus Montero, idazkariorde nagusia

01:32

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakaria izango da PSOEren Kongresuko bozeramaile berria, Hector Gomezen lekukoa hartuta. Lopezek berak baieztatu du berria Twitter bidez zabaldutako mezuan.

Alderdi Sozialistak uztailaren 23an, larunbata, egingo duen Batzorde Federalean egingo da ofizial Lopezen izendapena, eta egun horretan baieztatuko dira, halaber, PSOEren egituran egingo dituzten gainerako aldaketak.

Kongresuaren bozeramailetza hartzea "ohorea eta erronka zoragarria" izango dela esan du Portugaleteko politikariak, eta eskerrak eman dizkio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari erakutsitako "konfiantzagatik". "Herri honetako langilegoa eta erdiko-klasea babesteko" lan egingo duela hitz eman du, elkarrizketa erdigunean jarrita.

Joan den astelehenean, ezustean, Adriana Lastrak, arrazoi pertsonalak argudiatuta, PSOEko idazkariorde nagusi kargua utzi izanak alderdiaren berrantolaketa eragin du.  Berehala hasi zen izen-dantza, eta zenbait baieztapen gaur iritsi dira.

Maria Jesus Montero egungo Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak hartuko du Lastraren tokia, eta bera izango da PSOEren idazkariorde berria

Horrez gain, Pilar Alegria Hezkuntza ministroa PSOEren eledun berria izango dela ezagutu da, Felipe Siciliaren ordez. Zaragozarrak ere, bere esker ona agertu dio Sanchez presidenteari. 

Bestalde, eta azken egunotan kontrakoa zabaldu den arren, Santos Cerdan nafarrak PSOEren Antolakuntza idazkari izaten jarraituko du. Lastraren dimisioaren ondotik, Cerdanen postua kolokan ikusi zuten alderdikide askok, horien bien arteko barne-eztabaidak zirela eta.

Agertoki berri hau aprobetxatu du Sanchezek alderdiaren egitura berrantolatu eta Kongresuko eta Senatuko ordezkariak berritzeko. Datorren larunbatean, uztailaren 23an, egingo den ezohiko Batzorde Federalean zehaztuko da PSOEren mapa berria.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Patxi Lopez Espainiako Gobernua Espainia Aldaketa PSOEn PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Madril