Politika -

Goi-bilera Varsovian

Poloniako Justizia errespetatzen duela eta Pablo Gonzalez laguntza jasotzen ari dela esan du Sanchezek

Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroarekin gaiaren inguruan "hitz egiteko aukera" izan duela onartu du Espainiako gobernuburuak, eta "Poloniako Gobernuaren lankidetza" eskertu du.

Pedro Sanchez eta Mateusz Morawiecki Espainiako eta Poloniako gobernuburuak, Varsovian. EFE
Pedro Sanchez eta Mateusz Morawiecki Espainiako eta Poloniako gobernuburuak, Varsovian. EFE
Pedro Sanchez eta Mateusz Morawiecki Espainiako eta Poloniako gobernuburuak, Varsovian. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Gonzalez euskal kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten Przemysl (Polonia), Ukrainako gerraren berri ematen ari zela. Espioitza egotzi zioten. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak asteazken honetan ziurtatu duenez, Poloniako Justizia "errespetatzen" du, eta Espainiako Justizia modu berdinean errespetatzea eskatu du.

Varsovian emandako prentsaurrekoan, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroarekin gaiaren inguruan "hitz egiteko aukera" izan duela onartu du Espainiako gobernuburuak, eta "Poloniako Gobernuaren lankidetza" eskertu du.

Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, Pablo Gonzalez "kontsularen laguntza jasotzen ari da, antzeko egoeran dagoen Espainiako edozein herritar bezala". Kontsulak "behin baino gehiagotan pertsonalki" bisitatu du; ongi aurkitu du, eta familiarekin harremanetan dago, azpimarratu duenez.

Gainera, Enbaxada "egoera jarraitzen eta informazio guztia jasotzen ari da", erantsi du. Hala ere, "bistakoa denez, gaia Poloniako epaitegien esku dago", ziurtatu du.

"Espainiako Gobernua, logikoki, Poloniako Zuzenbidezko Estatua errespetatzen ari da eta, ondorioz, Justizia poloniarra, Espainiako Justizia eta EBko edozein herrialdearena berdin errespetatzea beti eskatu dugun bezala", gaineratu duenez.

Hala eta guztiz ere, Jose Manuel Albares Atzerri ministroa Poloniako homologoarekin harremanetan dagoela esan du Sanchezek, "gaiaren jarraipena egiteko eta familiari babesa emateko".

150 egun betetzen dira euskal kazetaria Polonian behin-behineko espetxealdian eta bakartuta dagoenetik. Horregatik, eta kontuan izanik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bisita duela Varsovian, kazetariaren senideek eta lagunek eskatu diote "haren alde egin dezala" poloniar lehen ministroaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza Espetxeak Polonia