Politika -
Kopako finala
Ortuzarrek euskal eta kataluniar ereserkiak ere jotzea proposatu du
EAJren Bizkaiko buruak uste du "ziurrenik" inork ez lukeela Espainiako ereserkiaren kontra joko "aurretik edo gero euskal eta kataluniar ereserkiak jarrita".
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak proposatu du, Espainiakoaz gain, euskal eta kataluniar ereserkiak ere jotzea Athletikek eta Barçak jokatuko duten Errege Kopako finalean.
"Ziurrenik inork ez du Espainiako ereserkiaren kontra joko horren aurretik edo ondoren euskal eta kataluniar ereserkiak jarriz gero, guk ere bai baitugu ereserkia, ereserkia duten herriak gara. Zergatik ez dute gure ereserkia jotzen?", adierazi du Ortuzarrek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.
Ortuzarren esanetan, horrela "denak" sentituko lirateke hobeto, izan ere, "gureari txistu egitea nahi ez dugunez, besteari ere ez diogu txistu egingo".
Espainiako ereserkiari txistu egingo ote dion galdetuta, horrelako kontuetan "buruak gauza bat eta bihotzak beste bat" eskatzen dutela azpimarratu du.
Gainera, Esperanza Aguirre Madrilgo presidentearen adierazpenak entzun eta gero Espainiako ereserkiari txistu egiteko gogo gehiago sartzen zaizkiola aitortu du.
Hala eta guztiz ere, Athletiken eta Barçaren zaleak ez direla "probokazioan eroriko" uste du. "Futbol zelaia futbol zelaia da, ez dezagun futbol zelaia Diputatuen Kongresuan bihurtu", gaineratu du.