Politika -

Elkarrizketa

Juanjo Alvarez: "Europaren arazoa da orain ez duela atzera egiteko gaitasunik, ezta argudiorik ere"

EHUko Zuzenbide Katedradunak "Putinen inbasio justifikaezina" deritzonari nazioarteko diplomaziak eta, bereziki, Europak emandako "erantzun zeharo okerra" deitoratu du; izan ere, bere ustez, bi salaketak bateragarriak dira.

Juanjo Alvarez, bere bulegoan. EITB.
Juanjo Alvarez, bere bulegoan. EITB.
Juanjo Alvarez, bere bulegoan. EITB.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964) Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, baita Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean Gobernantza Demokratikoaren Institutuko idazkaria ere. Donostiako Zuzenbide Fakultateko bulego txukun eta eguzkitsuan hartu du eitb.eus; Ukrainari, errusiarren inbasioari eta hortik eratorritako panorama geopolitikoari buruz galdetu diogu, baita Europaz ere, bereziki, legezkotasunaren eta gatazkaren konponbidearen ikuspuntutik.

Bada ideia bat bere ahotik lehen minututik azaleratzen dena -egia esan, hitzordua jartzeko dei beretik-; gizarte europarra, zalantzarako tarte gutxi uzten duen "egia bakarreko" korronte batek nola irentsi duen kezkatzen du; mugitzen denak baino ez baititu sentitzen kateak.

Azaltzen duenez, indarkeria eragiten duen ekintza politiko oro, gerra bat kasu, "beti da saihestu daitekeen zerbait", eta Ukrainako gatazkaren kasuan, diplomaziak huts egin du. Saihets zitekeen eta ez da egin. Alvarezen ustez, erruduna ez da bakarra: "Alde batetik, Putinen anbizio neurrigabea dago, eta, bestetik, ja ez gelditasuna, baizik eta nazioarteko diplomaziaren eta, bereziki, Europakoaren jokabide zeharo okerra, AEBren menpean. Interes politiko bat dago, Errusia soken kontra jartzeko xedez Putini oineko kailua zapaltzeko, eta bada, Errusian, tsar bat izaten jarraitu nahi duen norbait. Bat egin dute goseak eta jateko gogoak". 

Halere, inbasio errusiarrak "inongo justifikaziorik ez" duela eta "Putin gerra krimenengatik epaitu beharko" litzatekeela argi utzita, onartzen du presidente errusiarrak baduela argudio legal eta aurrekari historiko sendo bat bere alde: Kosovoren Serbiarekiko independentzia, 2008an aitortu eta AEBk, haren aliatu nagusiek eta Europar Batasuneko herrialde batzuek babestua. Alvarezek azaltzen du, gainera, Hagako Nazioarteko Justizia Gorteak, eskura zituen trikimailu guztiak erabilita, ondorioztatu zuela "independentzia deklarazio horrek ez zuela nazioarteko araudia urratzen". 

"Errusiak gero eta eskakizun handiagoak jarriko ditu badakielako egunen batean negoziatu egin beharko dela"

"Hori da Errusia orain eskatzen ari dena", leku batean posible izan zena, izan dadila beste batean ere, eta baimendu dadila Ukrainako Donetsk eta Luhansk eskualdeetan erreferendum bat egitea, herritarrek beren etorkizunari buruz erabaki dezaten. Eskualde horiek beren estatus politikoari buruzko erreferendumak egin zituzten 2014an eta gehiengo zabal batek (% 90) independentziaren alde egin zuten. Legez kanpoko jo zituzten kontsulta horiek Kievek, AEBk eta Europar Batasunak. Joan den otsailaren 22an, Errusiak Luhansk eta Donetsk errepublika independente gisa onartu zituen. Ez zen kasualitatea.

Alvarezen arabera, "Putinen asmoa ez da Ukraina inbaditzea, ez hango Gobernua aldatzea ere, bere bota militarra mahai gainean jarri nahi izan du eta 'erretiratuko naiz, hau onartzen badidazue' esan du". Era berean, uste du gerra luzatu heinean, "Errusiak eskakizun handiagoak jarriko" dituela "badakielako egunen batean negoziatu egin beharko dela". 

Diplomaziaren bidesariak

"Diplomaziaren lana da gerrak gelditzea eta has daitezen saihestea; eta, beraz, ez badu inbasioa gertatzea saihesterik izan, konponbidea eman beharko dio. Oraindik garaiz gaude erokeria hau gelditu eta buelta emateko", dio. 

Azpimarratzen duenez, "Putin egiten ari denak ez du izenik, ezin duzu hori egin XXI. mendean, ezin duzu esan 'ikusiko duzue!'", baina ez du zeharo egoki ere ikusten mendebaldearen erantzuna "hura estutu eta estutu".

Diplomaziak aurrera egiteko, bi bidesari ordaindu behako lirateke bere ustez: "Batetik, iraganeko akatsak aitortu eta Kosovoren gisako irtenbide bat onartzea"; noski, munduak aterako lukeen ikasgaia kudeatu beharko litzateke, hau da, "inbaditzen duzunean eta basakeriak egiten dituzunean baino ez dizugu kasu egingo".

"Zergatik ez duzu egiten elkartze-akordio bat Errusiako federazioarekin, eta bi aldeentzat onuragarriak diren harremanak eraikitzen?"

Bigarren bidesaria "bi aldeei bidea erraztuko dien akordio komertzial eta sinbolikoen bidez diplomazia berreskuratzea" izango litzateke, "Macronek luzaroan proposatu duenaren haritik, hau da, 'ongi konpondu gaitezen eta denok irabaziko dugu' politika bat".  

"Zergatik ez duzu egiten elkartze-akordio bat Errusiako federazioarekin, eta bi aldeentzat onuragarriak diren harremanak eraikitzen? Putinek eskubideak urratzen dituelako?", galdetzen dio bere buruari, eta jarraitzen du; izan ere, "Giza Eskubideei begiratuko bagenie, horrek esan nahiko luke ezingo genukeela merkatuan elkartze-akordiorik eduki beste hainbatekin, eta baditugu, Txinarekin, esaterako, nahiz eta heriotza zigorraren bidez egindako hilketen munduko txapelduna izan. Saudi Arabiarekin egiten ditugu, edo Turkiarekin, zeinari edozer ematen diogun interesatzen ez zaigun immigrazio guztia geldiarazten duelako; eta egiten ditugu Errusian bezala, giza eskubideen urraketak eta demokraziarik eza dauden beste toki pila batean, demokrazia, guk ezagutzen dugun gisa. Horrek justifikatzen al du, ordea, planteatzen ari garen guztia eta NATOk espazio hori txikitzen jarraitzea? Iruditzen zait hori politika okerra dela, eta modu erabat akritikoan onartu dugula". 

Europaren papera

Europak krisia konpontzeko aukeratutako zigorren bidea kritikatu du, eta "giza Eskubideen Europako Auzitegiaren eta Luxenburgoko Auzitegiaren jurisprudentziarekin legezko babes zalantzagarria" dutela azpimarratu du. Argitu nahi du Europaren erabakiekin ados ez egoteak ez duela inolaz ere esan nahi Putinen alde egotea. "Europaren arazoa da orain ez duela atzera egiteko gaitasunik, ezta argudiorik ere", dio.

Ukraina ez bada EBko kide eta ez bada NATOko kide, nola ulertu Europa hainbeste inplikatu izana haren defentsan? Alvarezen arabera, "Ukraina dagoen lekuan dago, lau estaturekin egiten du muga, eta elementu sinbolikoa du Errusiaren presioari dagokionez".

"Europak ez du atzerri politikan eskumenik, ezin du gerra bat deklaratu estatu kideetako bati inbasio bat egiten ez bazaio, eta hori ez da kasua"

"Europak ez du atzerri politikan eskumenik, ezin du gerra bat deklaratu estatu kideetako bati inbasio bat egiten ez bazaio, eta hori ez da kasua", dio. Azaltzen duenez, "27ek 'denak batera' doazela ikusarazten dute (ea nor ausartzen den kontra egitera!), Europako gizartea, Europako demosa, ados egon gaitezen Europa ondo ari dela jokatzen, eta hori da biztanleriaren zati handi bat barneratzen ari den ideia".

Adierazi duenez, Frantzia izan da desadostasuna agertu duen bakarra; "jarrera koherentea izan du gaitzespenari dagokionez, baina zerbait gehiago eman behar zela esan du, eta, azkenean, AEBren eskakizunak irentsi du, hau da, ez dagoela epelkerietarako tarterik". 

Gaineratu duenez, "erabaki-ardatza estatuetatik eta gobernuetatik askoz indartsuagoak diren beste botere batzuetara aldatu da. Estatuek gero eta gutxiago agintzen dute, eta enpresa handiek gehiago". Era berean, bere iritziz, "erabaki handiak" G7an eta G20an hartzen direla adierazten du, "eta hori ez da demokratikoa, ez baitute inolako ordezkagarritasunik. Baina hor erabakitzen da dena, eta dena diodanean, dena da. Europako Banku Zentralaren jarraibideetatik hasi eta defizit-mugetaraino, eta baita hau ere".

Bakea aukera gisa

Gatazka kroniko bihurtuz doan heinean, "azpimarra etxeetan duen eraginean, ekonomian duen eraginean eta energiaren gaian jartzen doa. Badirudi gerra, berez, jada konponezina dela. Oraingoz ez dago hura gelditzeko interesa duen inor", deitoratu du, eta bere buruari galdetu dio: "Zer egin behar dugu, biak lehertuta egon arte itxaron negoziazioei ekiteko? Horretaz asko ikasi dugu iraganean eta badakigu horrek konponbidea atzeratzen duela eta sufrimendua areagotu egiten duela, eta, finean, arazoak konpontzeko modua berdina da beti. Errusia ez da erretiratuko eskatzen duena ematen ez badiozu, bidezkoa dela uste baitu, irtenbide diplomatiko baten ikuspuntutik. Akordioak ez du 'Donbass nirea da' jasoko, 'Galdeketa bat egitea eskatzen dut' baizik".

"Badirudi gerra, berez, konponezina dela. Oraingoz ez dago hura gelditzeko interesa duen inor"

"Erraza litzateke hau konpontzea", dio: "Itxi ezazu Ukrainako aire-espazioa! Agindu ezazu itxiera! Horrek esan nahiko luke Errusiako hegazkin bat bertan sartzen bada suntsitu egiten duzula, eta erantzun nuklearra aktibatzen dela. Baina horri denek diotenez beldurra, ez gara horretan sartzen. Horren ordez, aktiboki parte hartzen dugu armak bidaliz, logistikan eta prestakuntza emanez, baina ez gara gerran parte hartzen ari; bide batez, ez da gerra bat, aldebakarreko inbasioa baizik". 

Gatazka eta haren ondorioak kroniko bihurtzeko arriskuaren aurrean, Alvarezek uste du Europar Batasunak eman beharko lukeela hurrengo pausoa. Izan ere, "NBEk ez du egingo Errusiarekiko zubi guztiak hautsi dituelako, eta NATOri ez zaio interesatzen bukatzea".

Katedradunaren ustez, Europar Batasunak balioetan, demokrazian eta auzotasun oneko harremanetan oinarritutako beste eredu geopolitiko bat proposa lezake. Ez alferrik, bere ustez elementu horiei esker darama Europak 70 urte bakean "Balkanetako lotsa kenduta": "Une bikaina litzateke autoritas moral eta etiko bat inposatzeko, munduari mezu bat helarazteko, ez dela bandera-borroketan sartzen, baizik eta giza eskubideen alde ari dela, gerra konpontzearen alde ari dela. Agian pentsamendu bukolikoa izango da, baina badu bere logika eta zentzua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko albiste garrantzitsuak Europar Batasuna Ukraina gaur EHU berriak Europako herrialdei buruzko albisteak Errusia Vladímir Putin bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa