Politika -

Energia aurrezteko neurriak

Urkulluk "kogobernantza" falta deitoratu, baina azpimarratu du aurrezteko neurriak bete behar direla

Iñigo Urkulluk, hala ere, deitoratu egin du Sanchezek "autonomia erkidegoak gehiago kontuan hartu ez izana", eta faltan bota du eragindako sektoreen egoeren arteko desberdintasunak aintzat hartu izana.

Iñigo Urkullu.
Iñigo Urkullu.
Iñigo Urkullu.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Espainiako Gobernuak onartu dituen energia aurrezteko neurriak "bete egin behar dira", errege lege-dekretu bidez hartu baitira, eta horrek "maila bat ematen die".

Hala ere, Urkulluk deitoratu egin du Exekutiboak neurriek eragindako sektoreen "errealitate desberdinak kontrastatu ez izana", baita "Europar Batasunak egindako gogoeta eta jokabidea ez ezagutzea ere".

Lehendakariaren esanetan, Espainiako Gobernuak "autonomia erkidegoak gehiago har zitzakeen kontuan", eta neurriak horiekin "partekatu" ahal izan zituen. "Horrela, agerian utz zezakeen, kasu honetan, hainbeste aldarrikatutako kogobernantza, neurrien proposamenean erkidegoen esku-hartze arauemailea baztertu gabe", gehitu du.

Urkulluren arabera, "eskumena eta legitimitatea aurkitzea baino gehiago, oinarriak noraino hedatzen diren argitzea ere bada kontua, Espainiako Gobernuaren bereizgarri den jarduera batean".

Bere ustez, "energiaren eraginkortasunerako eta kontsumoan aurrezteko jarduera global" bat lortzeko "lehentasuna pedagogia eta gizartearen kontzientziazioa" da, horrek epe ertainean ohiturak aldatzea ekarriko duelako eta "epe laburrean neurri errealistak" behar dituelako.

Urkulluk gogorarazi duenez, "Euskadik urteak daramatza eraikinen eta instalazioen eraginkortasun handiagoa lortzeko eta energia aurrezteko estrategia global baten alde egiten, orain ezartzen diren neurri zehatz horietatik harago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Energia berriztagarriak Gas naturala Kontsumo elektrikoa murriztea Energia ekoizpena gaur