Politika -

Erromoko Jaietan

Iturgaizen semeari egindako mehatxuak eta irainak eta lagun bati egindako erasoa ikertzen ari da Ertzaintza

Gaur, 06:00ak aldera, Mikel Iturgaiz Ertzaintzaren patruila batengana joan da, Erromoko jai-esparruan, pertsona talde batek mehatxatu eta iraindu egin duela salatzeko.

Carlos Iturgaitz Getxon egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE.
Carlos Iturgaitz Getxon egindako agerraldi batean
Carlos Iturgaitz Getxon egindako agerraldi batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Iturgaiz, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidentearen semeari egindako mehatxuak eta irainak ikertzen ari da Ertzaintza, baita Getxoko jaietan haren lagun batek jaso duen esku-zarta ere.

Ertzaintzaren arabera, gaur, 06:00ak aldera, Mikel Iturgaiz Ertzaintzaren patruila batengana joan da Erromoko jaietan, pertsona talde batek bere filiazio politikoa dela-eta mehatxatu eta iraindu egin duela salatzeko.

Berarekin zihoan emakumeak ertzainei azaldu dienez, haren defentsara irten da eta ukabilkada bat jaso du aurpegian. Arratsaldeko lehen orduan salaketa jarri dute.

Carlos Iturgaizen semeak erasotzaileetako bat identifikatu du, eta Ertzaintzak ikerketa bat abian du gertakariaren nondik norakoak argitzeko.

Eduardo Andrade Getxoko PPko bozeramaileak txio bat argitaratu du, eta, bertan, gertatutakoa gaitzesteko eskatu die udalerri horretako Udaleko talde guztiei.

Andradek Ertzaintzaren kontrako kartel batzuekin laguntzen du bere iruzkina.

Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak ere gaitzetsi egin ditu irainak eta mehatxuak sare sozialetan, eta Ertzaintzaren eta Euskadiko PPko presidentearen semearen aurkako "faxismo erakusgarri berria" dela esan du.

Iñigo Urkullu lehendakariak erasoa gaitzetsi du Facebooken, eta elkartasuna adierazi die kaltetuei.

"Eraso oro, fisikoa zein ahozkoa, mehatxua eta iraina, onartezina da. Edonori egindakoa eta beti", esan du. "Horregatik gaitzesten dut gaur ere Getxon eman den erasoa", gaineratu du.

Lehendakariaren esanetan, "berriro ere, Euskadiko Alderdi Popularraren presidenteari nire gaitzespena helarazi diot gertakari horiengatik. Horrekin batera, elkartasuna adierazten diet kaltetutako bi pertsonei". 

Zentzu horretan, adierazi du "gizartearen gehiengoak horrelako jokabideen aurka dago, sentimendu hori eztabaidaezina da. Hala erakusten jarraitu behar dugu intolerantzia zantzuak agertzen diren bakoitzean".

Bestalde, Josu Erkorekak gaitzetsi egin ditu mehatxu eta eraso horiek. "Intolerantzia ekintza sektarioak dira, onartezinak gaur egungo eta etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak eraikitzen ari den euskal gizartean", esan du.

Halaber, "maitasuna helarazi die Mikeli eta Iratiri, eta elkartasuna haien senide eta adiskideei eta Euskadiko PPren familiari. Horixe helarazi diot PPren Euskadiko presidenteari, Carlos Iturgaizi, eta, gainera, adierazi diot Ertzaintzak gorroto-delituen borrokan hartuta duen konpromisoa, batez ere, oraingoan bezala, ezaugarri biolentoak dituztenean".

Ildo horretan, "Jokabide horiek errotik etetea premiazkoa da, publikoki eta zalantzarik gabe gaitzesten hasita". gaineratu du.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak elkartasuna adierazi du eta "espazio publikoa guztiona" dela adierazi du.

Ohar batean, EAEko sozialisten buruak adierazi du bere alderdiak beti aldarrikatuko duela "espazio publikoa guztiona dela demokrazian, are gehiago Euskadin, euskal herritarrek bizi izan duten guztiarekin eta ETAren indarkeria terroristaren ondoren eraikitzea tokatzen denarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Getxo Eguneko albisteak Albisteak Carlos Iturgaiz