Politika -
PRESOAK
"Salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko" eskatu du Etxeratek 15 hondartzatan egindako mobilizazioetan
Elkarteko bozeramaileak salatu duenez, "6 presok bakarrik dituzte irteera baimenak 151k izan behar lituzketenean. Gainera, 27 pertsona bakarrik daude hirugarren graduan, 122 egon behar liratekeenean".
EITB MEDIA
Urtero abuztuko lehen igandean egin ohi duenez, Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak mobilizazioak egin ditu eguerdian Euskal Herriko 15 hondartzatan, "salbuespeneko espetxe politika bertan behera uztea" eskatzeko.
Duela bi urte hurbiltzeak "tantaka-tantaka ez egitea" eskatu zuten bezala, orain, ETAko 180 presoetatik 122 Euskal Herrian dauden honetan, "salbuespenezko espetxe politikekin amaitze eta legedia betetzea" eskatu dute.
Hori bai, oraindik ere Euskal Herritik kanpo dauden 58 presoen hurbilketa ere aldarrikatu dute: 41 preso daude Espainian eta 17 Frantzian.
Xochitl Karasatorre bozeramaileak azaldu du salbuespenezko politika horren ondorio dela "gaixotasun larriak dituzten 17 preso aske ez uztea edota 70 urtetik gorako 7 preso espetxean mantentzea".
Salatu duenez, "6 presok bakarrik dituzte irteera baimenak 151k izan behar lituzketenean eta 27 preso bakarrik daude hirugarren graduan, 122 egon behar liratekeenean".
"24 erbesteratu eta 8 deportatuen itzulera" ere eskatu du.
Presoentzat zein euren senideentzat egoera "nabarmen hobetu" dela aitortu arren, Karasatorrek tamalgarritzat jo du ETAk jarduera armatua 'behin betiko' amaitu zuenetik 11 urtera, Espainiako eta Frantziako gobernuek "espetxe politika salbuespenekoari eta anakronikoari eustea".
"Mendeku gisa" mantentzen dutela gaineratu du eta muzin egiten diotela "euskal gizarteak aurrera egiteko hartutako erabakiari". Izan ere, Etxeratek uste du "inmobilismoari" heldu diotela, "epaile, politikari, komunikabide eta biktimen elkarteetako sektore batzuen mendeku nahia" asetzeko.
"Ezin da euskal gizartea kondenatu konponbidea eta bizikidetzaren eraikuntza behin betiko atzeratzera", amaitu du.