Politika -
Adierazpen instituzionala
Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Carlos Iturgaizen semeak pairatutako "jazarpena" gaitzetsi du
Batzordeak adierazpena onartu du EAJ, PP, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Agirian "tolerantzia eza eta gorrotoa islatzen dituen gertakari lazgarria" salatu eta "ezberdin pentsatzen dutenen aurkako gorrotoaren aztarnatzat" jo dute.
E. G. | EITB MEdia
Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Mikel Iturgaiz Carlos Iturgaizen semeak salatu dituen mehatxu eta irainak gaitzetsi ditu adierazpen instituzional batean. Gertakariak Romo auzoko jaietan gertatu ziren, ostiralean.
Batzordeak EAJ, PP, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu du adierazpena. Testuan diotenez, "Mikel Iturgaizen aurka gauzatutako jazarpena tolerantziarik eza eta gorrotoa islatzen dituen gertakari lazgarria da", eta erakusten du "Euskadin oraindik badaudela ezberdin pentsatzen dutenen aurkako gorrotoaren aztarnak".
Bost puntuko agirian, politikari baten semea izateagatik, Mikel Iturgaiz gazteak pairatu zituen mehatxuak eta irainak "onartezinak eta gogorki deitoratzeko modukoak" direla azpimarratu dute taldeek. Ekintzok, erantsi dute, "ez dute gure gizartea ordezkatzen. Izan ere, elkarbizitza, tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua dira gure nortasunaren ezaugarri nagusiak". Ildo berean, Udalak indarkeriarik gabeko jaien alde egiten du.
Era berean, "gertutasuna eta babesa" adierazi diote Mikel Iturgaizen familiari eta "jazarpen ideologikoa jasaten duten guztiei".
Azkenik, Ertzaintzaren aurka jai-eremuan "ugaritu diren mehatxu eta gorroto mezuen" erabat kontra daudela nabarmendu dute.
EH Bildu "erasoen konplize da", Iturgaizen hitzetan
Udalak adierazpena onartu ostean Twitterren botatako mezu batean, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak koalizio subiranista "isolatzeko" deia egin du, "Euskadiko herri eta hirietan euskal herritar askok pairatzen dituzten eraso eta jazarpenen konplize" dela argudiatuta.
Bestalde, kazetariei Getxon egindako adierazpenetan, Javier Elorza PPko zinegotziak argitu du onartutako testua EAJk proposatukoa dela, eta gehiengoz babestu dutela, "Bilduren betiko salbuespenarekin". Koalizio subiranistari zuzenduta, "bizkartzainen garaira bueltatu beharko ote garen" galdetu dio, ohartarazi duenez, "PPko herritarrak eta euren moduan pentsatzen ez dutenak" jaietara joango dira eta. PSOE ere kritikatu du Elorzak, "jende horrekin —EH Bildu— itunak egiteagatik eta bere hildakoak ahazteagatik". Azkenik, EAJri "ETAren jarduna edota ekintza horiek legitimatzen dituzten horiei hirugarren graduak" ematea leporatu dio.
Sare sozial berean, txio bidez bere jarrera azaldu du bart Getxoko EH Bilduk. Koalizio subiranistak "edozein erasoren aurka" dagoela berretsi du, eta jaiak "errespetuz" gozatzeko deia egin die herritarrei, "askatasuna eta subiranotasuna maite duen herria garen heinean".