Politika -

Hauteskundeak

Lehendakari sozialistak 'luzerako' duela dio Txarli Prietok

Gipuzkoa "zaborrontzi" bilakatu dela adierazi du Prietok "errealitateak behar duenetik urrun" dauden formulekin gobernatzen duelako.

Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusia. EFE
Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusia. EFE
Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopezen legegintzaldiak "luzerako" duela ohartarazi die Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak EAJri eta PPri.

"ETAren jarduera armatuaren amaieran eta elkarbizitzaren hasieran" buru direla esan du Prietok eta "hori ez dute EAJren edo PPren hauteskundeetarako presek zapuztuko".

Unibertsitateko ikasleekin Gasteizen izan duen topagunean, Lopezek Jaurlaritzan jarraitzeko garrantzia aipatu du Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak, Mariano Rajoyren murrizketak "ekiditeko", baita legeen eta Jaurlaritza sozialistaren egutegiarekin jarraitzeko ere.

PP-PSE akordioaren "aldebakarreko hausturaren" ostean, orain, sozialistak "menpekotasunik" gabe eta "autonomia politikoarekin" gobernatu ahal izango dutela nabarmendu du.

Antonio Basagoitiren "ardura eza" azpimarratu du, alderdiko interesak euskal gizartearenak baino lehen jartzeagatik.

Iñigo Urkulluren aurkako kritikak ere egin ditu Prietok eta "EAJ alderdiak, osotasunean, maite ez duela" adierazi du. Urkulluk Rajoyren murrizketak "defendatzen" dituela eta PPrekin "konplizitatea" duela azpimarratu du.

Azkenik, EAJri egotzi dio Gipuzkoako erakunde nagusiak Bilduren esku egotea eta "zaborrontzi" batean bilakatu dela esan du, "errealitateak behar duenetik urrun" dauden formulekin gobernatzen duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea