Politika -
Elkarrizketa batean
Carod-Rovira: 'Oso akats larria da Otegi espetxean mantentzea'
Are gehiago, Generalitateko presidenteorde ohiak adierazi duenez, "mendeku bat ere izan liteke". "ETAren amaiera atzeraezina da", azpimarratu du.
Erredakzioa
Josep Lluis Carod-Rovira Generalitateko presidenteorde ohiak adierazi duenez, "oso akats larria da" Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohia espetxean mantentzea, are gehiago, "baliteke mendeku bat ere izatea".
Carod-Rovirak Tele5 katean eskainitako elkarrizketan esan duenez, euskal gatazka politikoa da eta bide politikoa bakarrik jorratuta konpondu daiteke. "ETAren amaiera atzeraezina da", azpimarratu du.
Carod-Rovirak azaldu duenez, Otegiren laguna da eta bere esanetan, "gatazka konpontzeko bide baketsuaren, politikoaren eta demokratikoaren alde egin du" Batasunako bozeramaile ohiak.
Bankiari buruz
Bestalde, Bankia auziari buruz politikariak adierazi duenez, "barkaezina da: diru publikoari buruz ari gara". "Onartezinak dira Espainiako Gobernuak zenbait bankuei eta kutxei eskainitako pribilegioak", salatu du Carod-Rovirak, "ematen du kudeaketa okerra saritzen ari direla".