Politika -
Elkarretaratzea
Hainbat emakume bildu dira Bilbon Bateraguneren epaia gaitzesteko
50 bat emakume Bilbon bildu dira igande honetan Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka protestatzeko. 'Bidegabea da, ez gara isilduko' izan da elkarretaratzearen leloa.
Erredakzioa
Ideologia desberdinetako 50 bat emakume Bilbon bildu dira igande honetan Bateragune auziaren gainean Auzitegi Gorenak hartutako erabakia errefusatzeko. Horrela, EAJko, Ezker Batuko, Amaiurreko eta hainbat sindikatuetako ordezkariak izan dira bertan, tartean, Arantza Isasmendi (EAJ), Rebeca Ubera (Aralar), Kontxi Bilbao (Ezker Batua), Helena Gartzia (Bildu) eta Jone Goirizelaia eta Arantxa Urkaregi ezker abertzaleko ordezkariak.
'Bidegabea da, ez gara isilduko' izan da elkarretaratzearen leloa eta partehartzaileek Gorenaren epaia salatu dute, "bidegabekoa da", azpimarratu dute.
"Sentsibilitate politiko desberdineko emakumeak bildu gara, baina askoz ere izango gara, Bateraguneren auziaren epaieketarena bidegabekoa delako", adierazi du Sagrario Lopez Ahotsak elkarteko kideak. "Bide hori jorratuta ez dugu konponbidea aurkituko", esan du.