Politika -
Politika
Audientzia Nazionalak Txori Barroteren txosna ikertuko du ETAko presoen kartelak erakusteagatik
Dignidad y Justicia elkarteak jarri du salaketa, eta Ismael Moreno epaileak onartu. Denuntziak Kaixo konpartsari ere eragingo dio.
Agentziak | EITB Media
Audientzia Nazionalak Txori Barrote konpartsaren txosna ikertuko du, Bilboko Aste Nagusian zehar ETAko presoen kartelak erakusteagatik. Dignidad y Justicia elkarteak jarri du Ismael Moreno epaileak onartutako salaketa.
Daniel Porterok, aipatutako elkarteko presidenteak, honako hau zehaztu du akusamenduan: "ETA organizazio terroristako presoen argazkiak, horietako asko hilketengatik kondenatutakoak, harrokeriaz erakutsi dituzte".
Kaixo konpartsa ere aipatzen da salaketan; bada, idatziaren arabera, konpartsaren txosnan "presoen eskubideen aldeko bokatak" zioen kartela irakur zitekeen.
Hala, Dignidad y Justiciak presoen argazkiak berehala kentzeko eskatu du denuntzian, dagoeneko ezinezkoa den arren, festak igandean amaitu baitziren.
Bestela, salatutakoa ikertzeko eskatu dio Audientzia Nazionalari, biktimen kontrako umiliazio eta terrorismoaren gorazarre delituak izan daitezkeelakoan. Gainera, txosnetan saldutako objektu eta jakiekin lortutako dirua zertarako erabiliko den ikertzeko eskatu dio Porterok epaileari.