Politika -
urte politikoaren hasiera
Ortuzarrek akordioak egitera deitu ditu gobernuak eta alderdiak, "herritarrei erantzun egokiak emateko"
Euskadi Buru Batzarreko presidenteak konpromisoak betetzera premiatu du Pedro Sanchez ostiral honetan, urte politikoa zabaltzeko Zarautzen egindako ekitaldian.
i.l.k. | eitb media
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJren aldi politiko berriari hasiera eman dio ostiral honetan, Zarautzen egindako ekitaldian. Besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea premiatu du orain arte adostutako konpromisoak betetzera, "dei berri hau ezerezean geratuko" ez denaren esperoan.
Halaber, bertan izan dira Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea; Jokin Landa, Zarauzko Uri Buru Batzarraren presidentea; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Xabier Txurruka eta Eneko Goia, Zarautz eta Donostiako alkateak hurrenez hurren, baita Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea ere.
Energiaren eskasiak eta prezioek "denbora latzak" ekarriko dituztela argudiatuta, gobernuen eta alderdien artean "akordioak egitea" dagokiela adierazi du Ortuzarrek, "egoera konplexu honetara moldatzeko eta, bereziki, herritarrei erantzun egokiak emateko".
Era berean, Espainiako Gobernuko presidenteari berretsi nahi izan dio alderdi jeltzalearekiko harremanak "seriotan" hartzeko: "Sanchezen inbestiduran hitz eman genituen konpromiso guztiak betetzen ari gara. Sanchezi eta bere Gobernuari dagokie orain berenak betetzea".
Ortuzarrek gaineratu du "oso geldoa" dela 2019ko abenduan Sanchezekin izenpetutako inbestidura akordioak betetzeko erritmoa. "Estatutua osorik betetzeko egin behar diren elkarrizketetan dagoen paralisia guztiz ulertezina da", deitoratu du.
Bertakoari begira, ohartarazi du oposizioak "joko eremua lokaztu" nahi izango duela urte politiko berri honetan, eta "bereziki gogorra" izango dela udal eta foru hauteskundeetan".
Bukatzeko, EH Bilduri zuzendu zaio, eta "akordio serio" baterako gonbidapena luzatu dio. Esan duenez, "gas kontsumoa murriztu behar da, baina inork ez du esaten gasik ez badago euskal industria lehiakorrik ere ez dagoela, ezta lanposturik ere. Ahoa betetzen zaie burujabetzaz, baina energiari dagokionez menpekotasun handia daukagu". Hala, proposamen berriak eskatu ditu, "Euskadi errealaren beharrak asetzeko".