Politika -
sanchez-feijoo aurrez aurrekoa
Sanchezek baztertu egin du neurri "dramatikorik" onartzea, eta laguntzak iragarri ditu industriarentzat
'Salbuespen iberiko' izenez ezaguna den neurriaz ari zen Espainiako Gobernuko presidentea. Hala, gasaren mugak aldi baterako babestuko lituzke kogenerazio industria handiak.
agentziak | eitb media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak astearte honetan bermatu duenez, energia aurrezteko aurki proposa litezkeen neurriak ez dira "dramatikoak" izango eta ez dute herritarren bizi-kalitatea urratuko.
Inflazioak eta energia iturrien kezkak markatuta, arratsalde honetan ikusmin berezia sortu duen aurrez aurrekoa izango da Senatuan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren aurrez aurrekoa, hain justu. Gainerako alderdiek ere parte hartuko dute, baina bigarren maila batean.
Sanchezek Senatuan egindako agerpenaren hasieran, onartu egin ditu espainiar biztanleriaren oporren osteko "ziurgabetasunak", krisi energetikoa eta "prezio ikaragarriak" tarteko.
Era berean, nabarmendu du kogeneraziora jotzen duen industria handia gasaren mugaren konpentsazio mekanismoak babestuko duela aldi baterako; 'salbuespen iberiko' gisa ezaguna -kogenerazioa erabiltzen duten industriek kontsumitzen duten energia zati bat sortzen dute, beroa. Papergintzan, ehungintzan, zeramikan edo industria kimikoan erabiltzen da-.
Gainera, azpimarratu du sorkuntza elektrikorako gasaren muga 15 % baino gehiago eusten ari dela argindarraren fakturaren kostua.
Espainiako Gobernuko presidentearen arabera, 30.000 eurokoa izan da Ukrainako gerrak eragindako preziooen igoera ekiditeko martxan jarritako neurrien kostua. Hala, Europar Batasuneko (EB) laugarren herrialdea litzateke Espainia, erdi-mailako klasea babesteko baliabide gehien ipini dutenen artean.
Gobernuak Senatuari helarazitako eskaeraren arabera, "aurrezte eta kudeaketa energetiko Planaren berri eta haren lurralde ikuspuntuaren berri" emateko asmoa du Sanchezek, baita horren "testuinguru ekonomiko eta sozialarena" ere.
Hortaz, eztabaida ez da Kongresuan bozkatutako energia aurrezteko neurrien lege dekretura mugatuko; aitzitik, Gobernuak Bruselara bidali behar duen Kontingentzia Planaren diseinu zabalagoa izango du ardatz, herrialdeko testuinguru ekonomikoaren analisiarekin batera.
Bestalde, baieztatu du ez duela enpresa elektriko handienganako inolako "gorrototik", baina aldeztu du badela garaia "herrialdearen suspertzeari lagundu diezaioten, txarto pasatzen ari garenean".
Hala, iragarri duenez, "datozen asteetan aurkeztuko dugu merkatu elektrikoaren eta karbono isurketen europar merkatuaren osoko erreforma proposamena".
Feijooren erantzuna
Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak orain arte inprobisazioz jardutea leporatu dio Sanchezi bere agerraldian, eta hurrengo hauteskundeetako zalantza "demoskopikoei" soilik erantzuten. Halaber, Gobernuari proposatu dio betebeharrak, zigorrak eta isunak ezarri ordez, energiaren ordainagirian deskontu zuzenekin saritzeko kontsumitzaileak, familiak eta ETEak.
Gainera, bere alderdiaren babesa eskaini dio Sanchezi, Unidas Podemosekin eta haren kide parlamentarioekin (ERC edo Bildu, kasu) harremana eteteko gai izatekotan.
Gainerako alderdien erreakzioa
EAJk Sanchez eta Feijooren arteko eztabaida kritikatu du, eta adierazi du arazoak ez direla "gauzak aurpegiratuz" konpontzen, ezta "kezka eta haserre gehiago sortuz" ere.
Estefania Beltran de Heredia Arroniz taldeak Senatuan duen ordezkariak azpimarratu duenez, testuinguru ekonomikoa ziurgabetasunez josita dago, eta gizarteak "konponbideak" eskatzen dizkie politikariei, ez "beldurra edo haserrea elikatu dezaten".
Bestalde, Gorka Elejabarrieta EH Bildu taldeko senatariak Gobernuko presidenteari eskatu dio entzungor egiteko, PPko liderraren hitzetan, "gehiengoaren kaltetan gutxi batzuen interesei eusten saiatzen diren sektore ultrakontserbadore eta ukatzaileei".
Halaber, energiaren sektorerako "egiturazko neurri sakonen" beharraren alde agertu da EH Bilduko ordezkaria.
"Espero dugu zeuk eta zure Gobernuak hutsik ez egitea legegintzaldi honen gain konfiantza ezarri zuten sektore aurrerakoi guztiei", esan dio gobernuburuari.