Politika -
Eusko Legebiltzarra
Currinen taldeko kide bat izango da gaur bizikidetza lantaldean
Hain zuzen ere, Alberto Spektorowski izango da hizlaria. PP ez da saioan izango.
Erredakzioa
Brian Currinen Nazioarteko Harreman Taldeko kide batek, Alberto Spektorowskik, hartuko du parte gaur Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetza lantaldean.
Hitzaldian, "ideologia baten izenean hiltzea amaitzea" defendatuko du.
Spektorowskik (Uruguaikoa da, baina Israelen bizi da) azaldu duenez, "elkarrizketaren etorkizunera begiratzeko" dei egingo du, eta "erorien oroimena" aldarrikatuko du. Hain zuzen ere, "sufrimendua" izan dutenak ekarriko ditu gogora, "ETAk sufriarazi dituenak, gerra zibilean sufritu zutenak, eta euskal basakerian sufritu zutenak".
Harena lantaldeko bigarren agerraldia izango da. Lehenengoa Jonan Fernandez Baketik zentroko zuzendariak egin zuen, hilaren 22an.
Egunotan, Nazioarteko Harreman Taldea Euskal Herrian da, prozesuaren diagnosia egiteko.
Spectorowski Israelgo Atzerri Ministerioaren aholkulari izan zen 2000 urtean palestinarrekin abiatutako bake-prozesuan.
Bake eta bizikidetza lantaldean EA, UPyD eta Aralar ez beste alderdietako ordezkariak daude, baina Aralarrek egotzitako legebiltzarkideek ere hartzen dute parte.
PP ez da joango
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak aurreratu du bere alderdia ez dela izango gaurko saioan.
Basagoitik Legebiltzarrean azaldu duenez, PP "ez da lantaldera joango gizon horrekin". "ETAk armak uztea baino egiaztatze hoberik ez dago. Zer egiten dute tipo horrek, Currinek eta gainerakoek, poltsikoak betetzeaz gain?", galdetu du Basagoitik.
Hori dela eta, "irtenbidea" ez dagoela "egiaztatzaileengan" azpimarratu du.