Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Itxasok ziurtatu du Espainiako Gobernuaren asmoa autogobernuan aurrera egitea dela, "Estatutua bete arte"

Alabaina, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak onartu duenez, "zailtasunak daude zenbait eskumenen kasuan", kostaldekoan, esaterako, baina "alternatibak bilatzen" ari direla ziurtatu du.

Denis Itxaso, Radio Euskadik Gasteizen dituen estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA
Denis Itxaso, Radio Euskadik Gasteizen dituen estudioetan
Denis Itxaso, Radio Euskadik Gasteizen dituen estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

Iker gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak ziurtatu du Moncloaren asmoa euskal autogobernuan urratsak ematea dela, "Estatutua bete arte". Horiexek izan dira Itxasok emandako azalpenak azken egunetan sortutako ika-mikaren ondotik. Hain zuzen, Euskadiri geratzen zaizkion zenbait eskualdatzek "txertatze zaila" dutela esan zuen Itxasok aurreko asteburuan.

Horrela, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketa batean, Denis Itxasok ñabardura egin du esandakoaren aurrean. Bere esanetan, "ika-mika ulertzen" badu ere, "hau da euskal autogobernuan gehien sakondu duen gobernua, Mariano Rajoyrenak ez bezala, hark ez baitzuen batzordea deitu behin ere ez".

Halere, onartu duenez, "zailtasunak daude zenbait eskumenen kasuan", kostaldekoan, esaterako, "Gernikako Estatutuan ez baitago jasota", baina "alternatibak bilatzen" ari direla ziurtatu du.

Transferentzien Batzorde Mistoa berriz noiz bilduko ote den galdetuta, Espainiako Gobernuaren ordezkariak ziurtatu duenez, "asmoa da Batzordea berriro biltzea, baina, horretarako, aurretik zenbait akordio egin behar dira".

Era berean, atzo Andoni Ortuzarrek Radio Euskadin esandakoak ere izan ditu hizpide Itxasok. EAJren EBBko presidenteak Espainiako Gobernua kritikatu zuen eskumenak transferitzeko egutegia ez betetzeagatik, eta ohartarazi zuen EAJ "aske" sentituko dela Sanchezek jeltzaleekin duen akordioa betetzen ez badu.

Sanchezen Gobernuko ordezkariak garrantzia kendu die buruzagi jeltzaleak esandako hitzei, eta ziurtatu du harremanak onak direla. Nik dena ulertzen dut, baina modu publikoan eszenifikatu egiten da Gobernuaren gainean egin nahi duten presioa. Halere, uste dut emaitza agerikoa dela, autogobernuan esparruan emandako urratsei begiratuta: 11 eskumen transferituta, eta batzordea lau aldiz deituta izan da", ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Denis Itxaso Eguneko albisteak Albisteak