Politika -
Artikulua blogean
Lehendakariak 'Euskadiren izen ona kaltetzea' egotzi dio Urkulluri
Lehendakariak uste du buruzagi jeltzaleak, eraikitzeko baino gehiago, "eraisteko kritika" egin duela, EAJk agintzen ez duelako.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak "gezurrak" esatea eta "Euskadiren irudia sistematikoki iraintzea" leporatu dio Iñigo Urkullu EAJren buruari eta hori jeltzaleek agintzen ez dutelako egin duela esan du. Gainera, buruzagi jeltzaleak, eraikitzeko baino gehiago, "eraisteko kritika" egin duela eta horrek "Euskadiren izena kaltetu" duela uste du.
Lehendakariak 'El debate imposible' (Ezinezko eztabaida) izenpean blogean argitaratu duen artikuluan gogora ekarri duenez, "duela aste batzuk" EAJren lehendakarigaia nor izango zen galdetu ziotenean berak Urkulluren izena eman zuen.
"Gainera, hori gustatuko litzaidakeela esan nuen, horrela euskal gizarteari eskaintzen dizkiogun proposamenak zuzenean eta publikoki eztabaidatzeko aukera izango baitugu", idatzi du lehendakariak.
"Orain arte ez diot blogean erantzun nahi izan, baina horixe egingo dut bere azken posta irakurri eta gero, amaieran idatzi duenagatik batez ere. Bertan Jaurlaritzaren zorpetzeaz dihardu eta Euskadi Valentzia edo Gaztela Mantxa bezala gobernatzen ari garela esaten du", azpimarratu du Urkulluk.
"Gezur" horrek kezkarik eragiten ez badio ere, lehendakariari ez zaio gustatzen "EAJk, agintzen ez duenean, Euskadiren irudia sistematikoki iraintzeko duen joera".
"Beste leku batzuetan egiten ari direnaren desberdina da gurea. Ze ekarpen egin du EAJk urteotan krisiari aurre egiteko? Eraisteko kritika egin du, Euskadiren izen onari kalte egiteak axola ere egin gabe eta proposamen positiborik gabe", gaineratu du lehendakariak.