Politika -

ELKARRIZKETA

Erkorekak ezinbestekoa ikusten du Ertzainen profilak egokitzea Internetekin lotutako delituei aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren arabera, besteak beste, Internetekin zerikusia duten delituek ikaragarri egin dute gora azken urteotan, eta horrek, "ezinbestean", agenteen formazioa eta profilen egokitzapena eskatzen du.

Josu Erkoreka, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Josu Erkoreka, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Josu Erkoreka, gaur, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza egun ikertzen ari den bost delituetatik bat Internet bidez egindakoa da, eta sarearekin zerikusi zuzena du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak egin berri duen ikerketa baten arabera. Agertoki horren aurrean, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak ezinbestekoa irizten dio ertzaintzen profilak egokitzea, delitu zibernetikoei aurre egin ahal izateko eta horien aurrean nola jokatu jakiteko.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Erkorekak azaldu du Internet bidezko delituak "ikaragarri eta etengabe" ari direla hazten. Iruzurrak, identitatea ordezkatzea, jazarpenak eta mehatxuak dira gehien ikertzen ari diren delituak. "Horregatik, ukaezina da agenteek beste profil bat izan behar dutela, eta prestakuntza delitu berrietara egokitu behar dela", gehitu du.

Neurri apalagoan, baina sexu askatasunaren kontrako delituek, lesio delituek edota ondasunaren kontrakoek ere gora egin dute nabarmen azken urtebetean. Halere, "Euskadi herrialde segurua" dela esan du Erkorekak, eta argi utzi nahi izan du, inguruko beste herrialde aurreratuekin alderatuta, "hemen kriminalitate tasak baxuagoak" direla.

EH Bilduk Ertzaintzarekiko duen jarrerari buruz galdetuta, EAEko Segurtasun arduradunak uste du ezker abertzalearen helburua "herri hau gobernatzea bada, iraganeko konfrontazioak gainditu" beharko dituela, eta "Ertzaintzarekin duen harremana normalizatu". Horren harira, nabarmendu du EH Bilduk alkatetza duen herri askok Ertzaintzarekin elkarlan hitzarmenak dituztela, eta ezker abertzaleko kide ugarik ez dutela arazorik Ertzaintza herri honetako eragile bat gehiago dela aitortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak