Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ETAren jardueraren amaiera 'egiaztatuta' dagoela esan du Barrenak
Barne ministroaren hitzei ''sinesgarritasuna'' kendu die horrela. ETAko ustezko atxilotuek armak eramateak ''autobabeserako'' beharrari erantzuten diola azaldu du Barrenak.
Erredakzioa
ETAren jardueraren amaiera ''egiaztatuta'' dagoela esan du Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak, eta ''sinesgarritasuna'' kendu die Barne ministroaren hitzei. Joan den igandean atxilotutakoek ''kide berriak erakarri'' nahi zituztela eta atxilotu zituztenean lehergailuak egiteko materiala eta armak zituztela azaldu zuen atzo ministroak. Adierazpen horien aurrean, ETAk berriz atentaturik egiteko aukerarik ez dagoela esan du Barrenak. ''Atzeraezintasun bermea dago'', ezker abertzaleko kidearen hitzetan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, ezker abertzaleko ordezkariak azaldu du ETAko ustezko kideek ez zutela ''armak erabiltzeko asmorik agertu'', eta arma horiek soinean eramatea ''autobabeserako'' beharrari erantzuten diola.ETAren egoera dela-eta, erakundeari lehenago desegitea eskatzeak ''prozesu logiko'' batekin bat egiten ez duela esan du Barrenak. ''Desegitea eskatzen bazaio, norekin hitz egingo dute?'', galdetu dio Espainiako Gobernuari.
Egoera horren aurrean, ezker abertzaleko kideak ''elkarrizketarako bideak bilatzeko'' pausoetan ''aurrera'' egiteko deia egin die Espainiako eta Frantziako Gobernuei, ''ETA erakunde gisa amaitu dadin eta desarmea posible izan dadin''. Bi gobernu horien erantzuna polizia bideak erabiltzea izatea ''tristea'' dela esan du Barrenak. Horren harian, gogora ekarri du nazioarteko egiaztatzaileek dagoeneko egiaztatu dutela ETAk ''desarme fasera igarotzeko asmoa'' duela.Edonola ere, Barrenak uste du Jorge Fernandez Diaz ministroak ETArekiko duen ''konfiantza faltak'' ez duela bat egiten euskal gizartearen iritziarekin.
Espetxe politikaETAko presoen egoera dela-eta, Barrenak esan du txosten indibidualak eta kaleratze kolektiboak ez direla ''elkarren kontrako neurriak''.Spektorowskiri erantzunaAlberto Spektorowski Brian Currinen Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak atzo ezker abertzaleari egindako kritikari ere erantzun dio elkarrizketan Pernando Barrenak. ''Foro guztietan parte hartzearen aldekoak gara, baina baztertzen ez gaituztenetan; eta, lantalde horretan baztertu egin gaituzte'', esan du.Hauteskunde autonomikoakBarrenaren iritzian, urrian izango direla hauteskundeak, baina, momentuz, ezker abertzaleak ez du lehendakarigaia aukeratu, horren esanetan. Edonola ere, aukeratuko duten pertsonak profil ''instituzionala'' izango duela aurreratu du Barrenak. EAJrekiko lehia dela-eta, ezker abertzalea ez omen dago arduratuta, jeltzaleen eskaintza ''ahula'' delako.