Politika -

Zergak

Espainiako Gobernuak aldi baterako zerga berria aplikatu nahi die aberatsenei

Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren asmoa 2023ko urtarrilaren 1ean aplikatzen hastea da, eta "milioidun pertsonei" soilik eragingo die, biztanleriaren % 1 baino gutxiagori.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Ogasun ministroak konfirmatu du aberastasun handienentzako zerga berri bat egongo dela

1:05

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak aurreratu duenez, aberatsenei aldi baterako zerga berri bat aplikatzeko lanean ari dira. 2023an aplikatzen hastea nahi dute, eta "milioidun pertsonei" bakarrik eragingo die.

Ogasun Ministerioak "asteak" daramatza lanean, Monterok azaldu duenez. Ondarearen gaineko zergak protagonismoa hartu duenean eman dute neurriaren berri; izan ere, Andaluziako Gobernuak ondarearen gaineko zerga kendu du, lehenago Madrilek egin bezala, eta Murtzia neurria aztertzen ari da.

PP, Ciudadanos eta Vox proposamenaren aurka azaldu dira, baina Espainiako Gobernuaren bazkide parlamentarioek ondo hartu dute.

Inflazioari aurre egiteko neurriak finantzatzeko orduan, errenta altuenek ekarpen handiagoa egiteko beharrarekin justifikatu du Monterok zerga berria. Zentzu horretan, ministroak gogora ekarri ditu bankuei eta energia konpainiei dagoeneko ezarritako zergak.

Gauzak horrela, aberatsenei ezarri beharreko zergak aurreko bien "antzeko eskema" jarraituko du; izan ere, aldi baterako izango da, eta litekeena da bi urtez indarrean izatea, baina Ukrainako gerraren iraupenaren menpe egongo da.

Ogasun ministroak "lehenbailehen" aplikatu nahi du; asmoa 2023ko urtarrilaren 1ean aplikatzen hastea da, eta "milioidun pertsonei" soilik eragingo die, biztanleriaren % 1 baino gutxiagori. Hala ere, Monterok ez du langarik zehaztu.

Yolanda Diaz Lan ministro eta presidenteordeak koalizio Gobernuko kideen arteko aurrekontu negoziazioan kokatu du zergaren azterketa. Hala ere, Unidas Podemosen proposamena dela defendatu du.

Zergaren formari dagokionez, "alternatiba ezberdinak" aztertzen ari direla esatera mugatu da Montero, zerga berria izango denik argitu gabe. Kasu horretan, lege propioa beharko luke; bestela, bigarren aukera zergaren bat moldatzea izango litzateke, ondarearen gainekoa ala PFEZ, esaterako. Bigarren bide hori aukeratuz gero, beste lege baten barruan onartzea posible litzateke, aurrekontuetan, adibidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika