Politika -

Autonomia estatutuak

EAE, azken hamarkadan eskumen gehien bereganatu dituen erkidegoa

Espainiar Estatuko 17 autonomia estatutuen garapen mailaren azterketa egin du Radio Euskadik. Ezein erkidegok ez du berea osorik beteta, baina Katalunia da trasferitzeke gehien dituena, 56, hain justu.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteetan Euskadi da eskumen gehien bereganatu dituen erkidegoa, Radio Euskadik Espainiako Estatuko 17 autonomia estatutuen betetze mailaren inguruan egin duen azterketaren arabera. 2018tik, 10 transferentzia egin ditu bere Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta, azken hamarkadan ere, Espainiako Gobernuak egin dituen eskualdatzeetatik (44) erdia (22) Euskadiri egin dizkio. Hala, guztira, 32 transferentziaren jabe egin da EAE 2011tik. 

Autonomia Estatutuak 1979 eta 1983 artean onartu zituzten. Ordutik, betetze maila eta eskumenak transferitzeko abiadura gorabeheratsua izan da, are gehiago, erkidego ezberdinen artean. 

Azken lau urteotako datuei erreparatuta, EAEk (10), Valentziak (2) eta Nafarroak eta Kataluniak (biak ala biak, bana) bakarrik izan dituzte eskualdatzeak. Azken hamarkadari dagokionez, erkidego gehiago ageri dira zerrendan, hala nola, Gaztela eta Leon (4), Andaluzia, Kanariak eta Balearrak (3), Aragoi (2) eta Madril eta Gaztela-Mantxa (1). Tarte horretan, EAEk 12 eskuratu ditu; Kataluniak, 2, eta Valentziak, beste bat. 

Bildutako datuen arabera, transferitzeko eskumen gehien dituen erkidegoa Katalunia da. 56 eskualdatze ditu egiteke. Ondoren dator Galizia, 27 ditu faltan. Gainera, azken erkidego horrek ez du eskumenik jaso 2008tik, Xuntan izandako gobernu aldaketa gorabehera (PSOE eta PP izan dira boterean). 

Nafarroak transferentzia bakarra jaso du azken 20 urteotan: 2021ean eskuratu zuen espetxeetako osasunaren eskumena. Hori horrela, Foru Amejoramenduak aitortzen dizkionetatik zazpi ditu oraindik eskualdatu gabe, eta tartean dago, esaterako, trafikoaren eskumena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Katalunia Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Galizia EAEko Autonomia Estatutua Galiziako Xunta