Politika -
KATALUNIA
Aragonesek ez du ontzat eman JxCaten azken proposamena
Orain, Juntsek koalizioaren oinarriei galdetuko die, ostegunean eta ostiralean, Kataluniako Gobernuan jarraitzea nahi duten edo ez. Gaur jakinaraziko dute galdera zehatza zein izango den.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kataluniako Gobernuan lehertutako krisiak, oraingoz, ez du konpontzeko itxurarik. Pere Aragones Generalitateko presidenteak ez du ontzat eman Junts per Cat gobernukideak mahai gainean jarritako azken proposamena, horrek Jordi Puignero atzera berriz presidenteorde izendatzea eskatzen ez badu ere. Hala jakinarazi du, gaur, Puignerok berak Rac1 irrati katean egindako elkarrizketan.
Proposamenaren edukiaren xehetasunik eman gabe, Puignerok azaldu du atzo iluntzean, negoziaziorako epea agortzear zela, JxCatek azken proposamena igorri ziola ERCri, eta Aragonesek atzera bota zuela.
Akordioa bilatu nahian, Generalitateko presidenteak eta Jordi Turull JxCateko idazkari nagusiak elkarrizketa bat izan zuten atzo goizean, baina ez zuten egoera bideratzea lortu. Antza, gauean igorri zion bere azken proposamena JxCatek ERCri.
Kataluniako Gobernuko presidentetzako iturriek azaldu dutenez, jaso duten azken proposamen hori "Whatsapp bidezko mezu soil" bat da, "laburra, orokorra eta landu gabekoa". Ostiraleko proposamena ia bere horretan mantendu dutela kritikatu dute, "ia ezer aldatu gabe". "Azken proposamen horrek ez du ezer konpontzen eta zalantza asko jartzen ditu mahai gainean. Dena dela, Juntsek hartuko duen erabakiaren zain geratu gara", azaldu dute aipatutako iturriek.
Zabaldutako informazioaren arabera, Juntsek ez du jarri baldintza modura Puignero presidenteorde kargura itzultzea, baina Generalitatearen zuzendaritza estrategikoa Errepublikaren Kontseilua erakundearen menpe geratzea eskatzen dute, eta hori Aragonesek hasieratik onartu ez duen puntu bat da.