Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Miren Gorrotxategi: "Herrialde-itunak izango dira bakarrik eskaintzen digutena itsumustuan onartuz gero"
Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du proposatutako herrialde-itunak babesteko benetako asmorik. Jaurlaritzak "baloiarekin jolastu nahi du, baina bakarrik bera baloiaren jabea izanda eta agintzen badu".
T.S.J. | L.P.C. | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrean oposizioak egindako proposamenak Iñigo Urkullu lehendakariak errefusatu izana kritikatu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Legebiltzarreko bozeramaileak, Radio Euskadiko "Crónica de Euskadi Fin de Semana" irratsaioan eskainitako elkarrizketan.
Horien artean, Elkarrekin Podemos-IUk egindako lau lege-proposamen errefusatu ditu Urkulluk, hainbat gaietan herrialde-itunak oposizioarekin lotzeko borondatea erakutsi ostean. Gorrotxategiren ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du laguntzeko benetako asmorik.
"Herrialde-itunak izango dira bakarrik eskaintzen digutena itsumustuan onartuz gero", esan du Gorrotxategik. Jaurlaritzak "baloiarekin jolastu nahi du, baina bera jabea bada eta agintzen badu bakarrik", gaineratu du.
Bestalde, datorren ikasturterako aurrekontuen negoziazioak Jaurlaritzarekin hasi ez dituztela esan du legebiltzarkideak. Exekutiboak gastuari eustea proposatu du, eta hori ez du Gorrotxategik gustuko, zerbitzu publikoak beteko ez direlakoan. Gainera, egungo desberdintasunekin amaitzeko erreforma fiskala abiatzea espero du.
Espainiar Estatuko Aurrekontu Orokorrez galdetuta, "onak" direla adierazi du, "gastu soziala handiagoa baita, eta aldaketa fiskalak dakartzatelako". Dena dela, aitortu du Euskal Autonomia Erkidegora iritsiko den gehiengoa "zementu eta herri-lanekin" lotuta egongo dela, herritarrak "poztuko" ez duena.
Haren iritziz, Abiadura Handiko Trenak "urtero aurrekontuen milioi eta miloi euro xurgatzen ditu, diru-jarioa da". EAJk eta EH Bilduk Espainiako aurrekontuak azkenean babestuko dituztelakoan dago, baina ez du uste horrek etorkizuneko transferentzietarako "kromo-aldaketa" gisa bukatuko duenik.