Politika -
EPAIKETA
Auzitegi Nazionalak 425 urteko espetxe zigorra ezarri dio Marisol Iparragirre ETAko buruzagi ohiari
Epaitutako gertakariak 1985eko maiatzaren 20an zapuztutako atentatu bati buruzkoak dira, ETAren Araba komandoak bonba auto bat jarri baitzuen Gasteizko Mendizorrotza estadioaren ondoan.
EITB MEDIA
Auzitegi Nazionalak 425 urteko espetxe zigorra ezarri dio Marisol Iparragirre ETAko buruzagi ohiari. Epaileek 20 hilketa saiakera leporatzen dizkiote, eta frogatutzat ematen dute bera izan zela Gasteizen, Mendizorrotzan, 1985eko maiatzaren 20an, polizia nazional baten kontrako atentatuan erabilitako bonba-kotxea gidatu zuen pertsona.
Epaiketa hori 2020ko abenduan egin zen jada, eta Auzitegi Nazionalak 2021eko martxoan absolbitu egin zuen, baina Auzitegi Gorenak beste magistratu batzuekin epaiketa errepikatzeko agindu zuen, "akats larritzat" jo baitzuen bonba autoan aurkitutako akusatuaren aztarnen frogen balorazioa ez egitea.
Beste epaiketa bat egin ondoren, epaileak egiaztatutzat jo du Marisol Iparragirrek 1985eko maiatzaren 19an gidatu zuela "Gasteizko Mendizorrotza kiroldegiko zabalgunean aparkatuta utzitako ibilgailua, maletategian lehergailu bat zuela". Epaiaren arabera, kirol ekitaldien egunetan, polizia furgonetak aparkatuta egoten ziren lekuan utzi zuten autoa, lehertzeko asmoz. Gaineratu duenez, zama leihatiletara begira utzi zuen.
Sententziak dio froga eraginkorrak daudela Marisol Iparragirre fisikoki ibilgailuaren barruan zegoela esateko: "Marisol Iparragirreren lau aztarna daude lehergailua zeraman autoaren bolantean". Horrela, epaiak dio, Zigor Kodearen arabera, gehienez ere hogeita hamar urte bete ahal izango dituela.