Politika -
Botere Judiziala
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko progresistek Jose Manuel Bandres proposatuko dute Konstituzionalerako
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bi sektoreek, alegia, progresistak eta kontserbadoreak, bilera egingo dute osteguneko 16:00etan.
EITB MEDIA
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko sektore progresistako batzordekideek Jose Manuel Bandres Auzitegi Goreneko epailea izendatu dute hautagai Auzitegi Konstituzionalerako, epaileen gobernu organoko iturriek jakitera eman dutenez. Iturri horiek, halaber, azaldu dute progresistek bilera egingo dutela sektore kontserbadorearekin ostegun arratsaldean, 16:00etatik aurrera.
Bandres magistratua 1980tik dabil epaile, eta 2003tik dago Auzitegi Gorenean. Zuzenbidean doktorea da, eta Bartzelonako Unibertsitatean irakasle ibili da. Frantziako, Italiako eta Herbehereetako hainbat fakultatetan ibilia da.
Gernikako epaitegian hasi zen epaile, eta Katalunian eta Aragoin ere izan da. 1985ean izendatu zuten magistratu Kataluniako Auzitegi Nagusiko aurrekarian.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko alde kontserbadoreak bilera izan du asteazken gauean, eta, hori amaituta, "ezinbestekotzat" jo zuen alde progresistarekin negoziazioak berreskuratzea, epaileen gobernu organoak izendatu behar dituen bi epaileak adosteko. Orain, sektore progresistaren proposamena (Bandres) eta arratsaldeko bileraren iragarpena testuinguru horretan iritsi dira.
Asteazkeneko bileraren gaineko xehetasunak dituzten iturri batzuen arabera, bertan izandako bederatzi batzordekideek adostu zuten kontaktuei berriro ekitea, hautagai egokiak adosteko asmoz. Asmoa da alde kontserbadoreak hautagaien zerrenda labur bat ixtea.
Bete egin dira aurreikuspenak, kontuan izanik Bandres zela faboritoa, Pablo Lucasen aurretik. Biak dabiltza Goreneko Auzien Auzitegian; magistratuen postuak bete gabe egoteak Auzitegi horretan izan du eragin handienetakoa, jarduneko Kontseiluak ezin baitu izendapenik egin.
Kontserbadoreek diote oraindik ez dutela hautagairik, baina azken egunetan, Pablo Llarena eta Julian Sanchez Melgar Goreneko magistratuei galdetu diete ea orain bideragarri ikusten duten hautagai izatea, kontuan izanik negoziazioak apurtu egin direla eta horrek beste egoera bat zehazten duela.
Bi magistratuak izendatzeko, gutxienez 11 boto behar dira; hortaz, progresistak eta kontserbadoreak adostasun batera heldu beharko dira, zortzina batzordekide dituztelako. Horiez gain, Vicente Guilarte eta Wenceslao Olea moderatuak daude; guztira, 18 batzordekide daude, egun.