Politika -

Legebiltzarreko Lantaldea

Eusko Jaurlaritzak itzultzen lagunduko die ETAk 'erbesteratuei'

Maixabel Lasak aurkeztu du Biktimen Legea erreformatzeko proposamena. UPyDk Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoko aholkulariaren dimisioa eskatu du.

Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria. Argazkia: Efe
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria.
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Biktimen Legea erreformatu nahi du ETAren mehatxuengatik EAEtik ihes egin zuten pertsona familiei jaioterrira itzultzen laguntzeko. Testua lege proposamen gisa tramitatuko dute Legebiltzarreko taldeek eta ateak irekitzen dizkio ETAk "erbesteratu" eta itzuli nahi ez dutenek Euskal Herriarekiko harremanak indartzeari.

Ekimenean agertzen denez, "EAEko bizitza publikoan parte har dezaten" hartuko dira neurriak. Horretarako, "komunikazio bideak sortuko dira memoriarekin zerikusia duten politika publikoak zehazten lagun dezaten, edo elkarbizitza sustatzeko hezkuntzan gara daitezkeen ekimenak zehazteko. Era berean, biktimek euskal erakundeek, biktimen jaioterrikoek batez ere, biktimen konponketa sinbolikorako antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzea bultzatuko dute".

Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariak aurkeztu du erreformaren aurreproiektua Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitza Lantaldean. Orain ekimena Eusko Legebiltzarreko talde politikoek hartzea da asmoa eta datozen egunetan lege proposamen gisa aurkeztea prozesua azkartzeko eta erreforma lehenbailehen onartzeko.

Erreformaren helburua honakoa omen da: ETAren "mehatxuengatik eta isolamendu sozialagatik" Euskal Herria utzi zuten pertsona eta familiek, "konponketa osoaren ikuspuntutik", Euskal herrira itzultzeko "eskubidea" arautzea eta "erbesteratu" horiei etxebizitza EAEn edukitzeko laguntzak ematea.

Era berean, Euskal Herriarekiko harremanak berreskuratzen laguntzeko neurriak ere proposatzen ditu ekimenak. Hori horrela, "euskal bizitza publikoan parte hartzeko" neurriak hartuko dituzte.

UPyDk Txema Urquijoren dimisioa eskatu du

Bestalde, Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak "larri"tzat jo ditu Txema Urquijo Biktimen Arretarako Bulegoko aholkulariak Coviteri egindako kritikak. Izan ere, Urquijorentzat "negargarria" da Covitek presoen gizarteratzeko planaren kontrako manifestazioa babestea.

Maneirok salatu duenez, Urquijok duela egun batzuk honakoa idatzi zuen Twitterren: "Negargarria da Coviteren gainbehera, Alcarazen manifestazioa babestu du. Euskal biktimek ez dute irudi hori merezi".

Urquijok Bake eta Elkarbizitza Lantaldean parte hartu du gaur eta Maneirok tweet hori idatzi ote zuen galdetu dio. UPyDren legebiltzarkideak jakinarazi duenez, mezu hori bidali zuela aitortu du Urquijok eta berretsi egin du mezua; are gehiago, "UPyDren jarrera ere negargarria dela" gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea