Politika -

RADIO EUSKADI

Garrido: "Egoak alde batera utzi, eta eskuzabal jokatu behar da politikan"

Pablo Iglesiasen eta Yolanda Diazen arteko ika-miken harira, Podemos Euskadiko koordinatzaileak esan du "normaltasunez" hartu behar direla, "artikulazio prozesu baten barruan". Uste duenez, "ezkerreko espazioa batzeko" eta "gizartean ilusioa piztuko duen mugimendua eratzeko" gai izango dira.

Pilar Garrido, artxiboko irudi batean.
Pilar Garrido, artxiboko irudi batean.
Pilar Garrido, artxiboko irudi batean.

play icon 17:16

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesiasen eta Yolanda Diazen artean azken egunotan ika-mikak oso agerikoak izan badira ere, Podemos eta Sumar proiektuen arteko aliantza ez du kolokan ikusten Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaileak eta Kongresuko diputatuak. Horren iritzian, bi proiektuon arteko batasuna posible izango da 2023ko hauteskundeetan, "alde bakoitzak bere espazioari eutsita". Hala, azaleratzen ari diren "desadostasun eta zailtasunak" edozein artikulazio prozesuren barruan "normaltzat" hartu behar direla ziurtatu du. "Garrantzitsuena elkarrekin aurrera egitea da, eta arduraz jokatzea. Helburua gehitzea eta batuta joatea da", esan du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.

Prozesu honetan Iglesiasek alboratu egin beharko ote lukeen galdetuta, Garridok adierazi du politikan "egoak eta pertsonalismoak" alde batera utzi behar direla beti, eta "eskuzabaltasunez" jokatu. Podemoseko buruzagi ohi garrantzitsuena izanda, "logikoa" iritzi dio Iglesiasek "bere lekua" izateari, baina "orain lidergoa Yolandari" dagokiola gaineratu du.

Halaber, azaldu du Estatu mailan alderdi morearen barruan izaten ari diren desadostasunek EAEko datorren urteko bozetan ez dutela eraginik izango. "EAJren alternatiba izango den proiektua posible dela transmititzeko gai izango garela uste dut".

Bestalde, datorren urteko aurrekontuen negoziazioa ere izan du hizpide, eta ez du baztertu Jaurlaritzarekin akordio batera iristea. "Bestela, ez genuke ahaleginik ere egingo", zehaztu du.

Azkenik, Madrilen asteburuan osasun publikoaren defentsan egindako mobilizazio erraldoiaren harira, Garridok esan du "Euskadiko eta Ayusoren ereduek antzekotasunak" dituztela. "Hemen ere pribatizazio prozesu betean gaude", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi