Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Justizia Errestauratiboaren estrategia berriak sarbidea, kalitatea eta kultura aldaketa bermatu nahi ditu
Beatriz Artolazabal sailburuak Justizia Errestauratiboaren 2022-2025 Estrategia aurkeztuko du Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean. Urte amaieran, adituz osatutako lantalde bat lanean hasiko da, eta gaur egun indarrean dauden zerbitzuak zehaztuko ditu.
EITB Media
2022-2025 Justizia Errestauratiboaren estrategia aurkeztu du gaur goizean Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean.
Aipaturiko estrategiak hiru ardatz nagusi izango ditu: justizia errestauratiborako sarbidea erraztea, justizia errestauratiboaren inguruko kalitatea, ezagutza eta konfiantza handitzea, eta, azkenik, kultura aldaketa bultzatzea.
Sarbideari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekintza aurreikusten ditu "justizia errestauratiboaren zerbitzuak eta programak biktimei eta biktimarioei bermatzeko", adina, delitua edo prozesu penalaren fasea edozein dela ere. Bigarren ardatzari lotuta, egitasmoak jasotzen du gutxieneko kalitate estandarrak garatzea, justizia errestauratiboaren alorrean dauden programa eta zerbitzuen ezagutza handitzea eta kanpoko ebaluazio mekanismoak (kuantitatiboak eta kualitatiboak) ezartzea. Hirugarren eta azken ardatzak, ostera, kultura aldaketa sustatzeko eta "herritarrek justizia errestauratiboaren onurak eta arriskuak" ezagutzeko ekintzak jasotzen ditu.
Bestalde, Artolazabal sailburuak iragarri du, urte honen amaieran, adituz osatutako lantalde bat lanean hasiko dela, eta gaur egun euskal espetxeetan indarrean dauden zerbitzuak zehaztuko dituela. "Dagoeneko, hasi gara estrategiaren garapenean urratsak ematen", azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzak 2022-2025 aldirako prestatu duen Justizia Errestauratiboko estrategia "dokumentu bizia, irekia, malgua eta aldakorra" dela eta arlo horretan egon daitezkeen lege aldaketen arabera moldatu daitekeela azpimarratu du Beatriz Artolazabal sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak joan den uztailean onartu zuen estrategia, eta gaur da lehen aldia sailburuak Eusko Legebiltzarrean horren berri ematen duena.