Politika -

PSE GIPUZKOA

Harkaitz Millan Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Gaztedia diputatuak kargua utzi du "gertakari larriengatik"

EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez, Donostiako taberna batetik bota zuten bart emakume bat molestatzen aritzeagatik, eta kanpoan, Ertzaintzako agenteei oldartu, eta atxilotu egin zuten.

Harkaitz Millan artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Harkaitz Millan artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Harkaitz Millan artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol arduradunak kargua utzi du igande honetan, atzo gauean agintaritzaren aurkako atentatuagatik atxilotua izan ostean, EITB Mediak baieztatu ahal izan duenez.

Gipuzkoako PSEk oharra kaleratu du Millanek dimititu egin duela baieztatuz, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta.

Maria Jose Telleria Etxeberriak ordezkatuko du karguan, gaur egun Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia denak. Etxeberria eibartarra da, 51 urte ditu, eta Kazetaritzan lizentziaduna da. 1999 eta 2015 artean, zinegotzi izan zen Eibarren, Kulturako zuzendari izendatu aurretik.

EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Millan Donostiako Alde Zaharreko pub batetik bota dute goizaldean, "emakume batekin liskarrean hasi, eta hura iraintzeagatik". Segurtasun kideek kanporatu ondoren, aurre egin die bertaratutako Ertzaintzako agenteei, eta horiek atxilotu egin dute, agintaritzaren aurkako atentatu-delitua egotzita. Atxilotuta eraman dute komisariara.

Gipuzkoako diputatu nagusiaren komunikatua

"Bart, Donostian, Harkaitz Millan Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua protagonista izan zuten gertakari larriak ezagutu ostean", Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Millanen berehalako dimisioa onartu duela jakinaraziz, oharra bidali du komunikabideetara.

Diputatu nagusiak irmoki gaitzetsi ditu gertakariak eta, adierazpen honen bidez, gogorarazi du bere gobernuak "urteak daramatzala lanean Gipuzkoaren eta foru-gobernu eredugarri baten alde, non horrelako jarrerek ez duten lekurik. Ez dute lekurik eta ez dute inoiz lekurik izango, ez lurralde osoan, ezta Aldundiaren gobernuan ere" berretsi du.

Olanok gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an onartu zuela Erakundearen Zuzentasun Sistema bat, kode etiko batzuekin, Aldundiko kide guztiek eta goi kargudun publikoek nahitaez bete beharrekoa. "Kode horietan jasotako printzipioen argitan, bart gertatutakoak bezalako ekintzak guztiz onartezinak dira, edozein ordezkari publikoren portaerak ezinbestean bete behar dituelako integritatearen, eredugarritasunaren, bizikidetzaren eta errespetuaren oinarrizko printzipioak" dio oharrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia