Politika -

EAEko hauteskundeak

'Euskal Herria Bildu', koalizio abertzalearen izen berria

EH Bildu izenarekin aurkeztuko da ezker abertzalearen, EAren, Aralarren eta Alternatibaren arteko koalizioa. Aurkezpenean ez dute hautagaien izenik eman.

EH Bilduren aurkezpena. EFE
EH Bilduren aurkezpena. EFE
EH Bildu, datozen hauteskundeetarako koalizioaren izen berria

00:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko datozen hauteskundeetarako, EH Bildu izenarekin aurkeztuko da ezker abertzalearen, EAren, Aralarren eta Alternatibaren arteko koalizioa.

Donostiako Eureka Zientzia Museoan egin dute aurkezpena eta lau alderdietako politikariak bildu dira: Rufi Etxeberria (ezker abertzalea), Pello Urizar (EA), Patxi Zabaleta (Aralar) eta Oskar Matute (Alternatiba).

Aurkezpenean, ez dute hautagaien izenik eman. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak koalizioaren konpromisoak zehaztu ditu, ohar bat irakurrita. Besteak beste, "bakea eta indarkeriaren arazoaren irtenbidea", "justizia soziala", "demokrazia zuzena", "emakumeak eta gazteak", "euskara" eta "arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako defentsa" izango dituzte ardatz.

Maeztuk "pertsona guztien eskubideak" aldarrikatu ditu "bakea lortzeko helburuarekin" eta EH Bildu "oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jarreren aurka" egongo dela nabarmendu du.

"Euskal Herriari dagozkion eskubideen eta errespetuaren onarpena" eskatu du "gatazka gainditzeko oinarri gisa". Halaber, erabakitzeko eskubidea defendatu du. Koalizioak "aukera historikoaren aurrean, Gobernuen jarrera salatzen dutenen erreferente politiko" bilakatzea du helburu Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak azaldu duenez.

"Bakearen, justiziaren, askatasunaren eta pertsona guztien errespetuaren aldeko lagunak batzeko tresna" izango dela gaineratu du.

Ezker abertzalea jada EA eta Alternatibarekin koalizioan aurkeztu zen joan den udal eta foru hauteskundeetan, Bildu izenarekin. Ondoren, Aralar batu zitzaien, eta Amaiur izan zen Espainiako hauteskunde orokorretarako aukeratu zuten izena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea