Politika -

Botere Judiziala

Espainiako Gobernuak lege aldaketa proposatu du BJKNren eta Konstituzionalaren izendapenak desblokeatzeko

PSOEk eta Unidas Podemosek zuzenketak aurkeztuko dizkiote ostiral honetan Kongresuan izapidetzen ari den Zigor Kodearen erreformari. Horrela, hiru bosteneko gehiengoa kenduko da eta nahikoa izango da gehiengo soila magistratuak aukeratzeko.

BJKNren egoitza Madrilen. Argazkia: Luis García, CC BY-SA 3.0, wikicommons.
BJKNren egoitza Madrilen. Argazkia: Luis García, CC BY-SA 3.0, wikicommons.
BJKNren egoitza Madrilen. Argazkia: Luis García, CC BY-SA 3.0, wikicommons.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk eta Unidas Podemosek bi zuzenketa aurkeztuko dizkiote ostiral honetan Espainiako Kongresuan Konstituzionala eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) desblokeatzeko izapidetzen ari den Zigor Kodearen erreformari, eldiario.es-ek ostegun honetan aurreratu duenez.

Lehenengo zuzenketak Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoa erreformatuko du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak dagozkion bi magistratuak aukeratzerakoan batu behar dituen hiru bostenen gehiengoa aldatzeko; era horretan, orain nahikoa izango da gehiengo soila.

Egunkari horren arabera, aldaketarekin Botere Judizialaren 599.1.1 artikulua berridatziko litzateke, bost egun erabilgarriren barruan "Kontseiluko bokalek presidentetzari Auzitegi Konstituzionaleko magistratu izateko hautagaitzak aurkezteko", bokal bakoitzak hautagai bat gehienez ere. 

Era horretan, zuzenketaren arabera, hautagaitzak aurkezteko epea amaituta, presidentetzan dagoen pertsonak "ezohiko osoko bilkura deitu beharko du bi magistratuak aukeratzeko", eta biltzar hori, "deialdia egin eta hurrengo hiru egun erabilgarrietan egin beharko da nahitaez". 

Bilkuran parte hartzen duten bokalek hautagaitzak bozkatuko dituzte, gutxieneko quorum bat egon beharrik izan gabe; bozketa bakarra egingo da eta ez da sekretua izango. Horrela, bokal bakoitzak hautagai baten aldeko botoa eman ahal izango du eta boto gehien lortzen dituzten bi magistratuak izango dira aukeratuak; nahikoa izango da beraz gehiengo sinple bat eta ez hiru bosteneko gehiengoa, orain arte izan den moduan, eldiario.es-ek azaltzen duenez. 

Espainiar Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hamaika egun erabilgarriko epean egungo blokeoari irtenbidea emango zaiola aurreikusten du Espainiako Gobernuak. 

Gainera, berritzea ziurtatzeko, klausula bat gehitu da, eta horren arabera, blokeorako jarrerarekin jarraitzen duen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide edo presidenteak blokeorako jarrerarekin jarraituz gero, "era guztietako erantzukizunei" aurre egin beharko die, "baita penalak ere".

Bigarren zuzenketak Konstituzioari buruzko 2/1979 Lege Organikoa aldatuko du. Horrela, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Gobernuak proposatutako magistratuen agintaldia igarota -9 urte eta 3 hilabetekoa da, Konstituzioak hala zehaztuta- "bi organo horietako batek bere proposamena egin ez badu", "bere betebehar konstituzionala bete duen organoak proposatutako magistratuak izendatuko dira".

Horrela, herenen bidezko berritzea Gobernuak eta epaileen gobernu-organo gorenak elkarrekin egin beharraren eztabaidari amaiera emango zaio -orain arte bi magistratu aukeratzen zituen Gobernuak eta bi BJKNk-. Konstituzio Auzitegiak magistratu berriak egiaztatzeko beharra ere ezabatuko da.

Halaber, paragrafo bat gehitu zaio Konstituzio Auzitegiaren legearen 19. artikuluari, Kongresuak, Senatuak, BJKNk eta Gobernuak egiaztatu behar izan dezaten hautatutako magistratuek baldintzak betetzen dituztela. Aldi berean, kargugabetzeko beste arrazoi bat ere ezarri da, hain zuzen ere "Konstituzioaren 159.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak ez betetzea".

Zuzenketa horiekin, Auzitegi Nazionaleko magistratu eta ministro ohi Juan Carlos Campo eta Konstituzioko katedradun eta Lehendakaritzako zuzendari nagusi ohi Laura Diez Konstituzio Auzitegiko magistratu berri izendatzea ziurtatu du Gobernuak, orain arteko blokeoarekin amaituta.

Alde kontserbadoreak ezohiko Bilkura eskatu du

Testuinguru horretan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren alde kontserbadoreak ostiralean bertan egin du bilera, eta dituen hamar batzordekideetako zortzik adostu dute eskatzea Rafael Mozo bitarteko presidenteari ezohiko Bilkura dei dezala. Bilkuraren helburua litzateke Konstituzionaleko bi hautagaiak erreforma onartu aurretik bozkatzea.

Alde progresistaren iritziz, baina, PSOEren eta Unidas Podemosen proposamena zilegizko bidea da Gorteek egungo blokeorako konponbidea emate aldera. Alde horrek uste du "lotsagarria" litzatekeela "inork ez egitea ezer" erakundeak normaltasunez ibiltzea saihesten duten oztopoei aurre egiteko. Gainera, alde progresistak uste du "arrazoizkoa", oraingoan, izango litzatekeela itxarotea erreforma gauzatu arte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian bi hautagaien gaineko edozein bozketa egin aurretik.

Aipatutako iturriek diotenez, batzordekide progresistek mehatxua egin dute: boto zuria emango lukete ezohiko Bilkura horretan, arau berrien zain. Horrek ekarriko luke ohiko Bilkura ere gaindituko litzatekeela, kontuan izanik Kongresuak datorren astean onar lezakeela erreforma, baina Senatuak hilaren amaierara arte beharko lukeela.

Batzordekide progresisten iritziz, orain ez dago bizkortzeko arrazoirik, orain arte "presarik" ez bada izan alde kontserbadorearen aldetik; are gutxiago, aurreikuspena denean diputatuek eta senatariek bozketa arauak aldatuko dituztela.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia