Politika -
Txostenak
Guardia Zibilak uste du ETA ez dela desegingo
Hala ere, armak uzteko erabakia "irmoa eta historikoa" dela uste du. ETAk barne bozketa bat hasi du armak utzi izanaren inguruan, eta urte amaierarako amaituko da.
Erredakzioa
Guardia Zibilaren ezkutuko txosten batzuetan agertzen denez, "ETA ez da desegingo", baina urriaren 20an iragarritako armak uzteko erabakia "irmoa eta historikoa" da, Ser irrati-kateak jakitera eman duenez.
Iragan astetik Barne Ministerioaren esku dauden txostenetan Guardia Zibilak azaltzen duenez, ETAren buruek barne eztabaida bat abiatu dute kide guztien artean, armak betiko uztearen inguruko bozketa batean parte har dezaten. Bozketaren emaitza urtea amaitu aurretik jakingo omen da.
Guardia Zibileko adituek uste dute ETA ez dela desegingo eta "gatazkaren ondorioez" (desarmea eta presoak) negoziatzeko ardura hartu duela bere gain. Ezker abertzaleak, berriz, "gatazkaren arrazoiak" negoziatzeko ardura omen du.
Hala eta guztiz ere, Guardia Zibilak argi du ETAk borroka armatua uzteko hartu zuen erabakia "irmoa eta historikoa" dela, ETAren baitan "bai baitakite amaitu dela eta atzeraezina dela erabakia".
Nahiz eta ez egon inolako zantzurik ETA borroka armatura itzuliko dela pentsatzeko, Guardia Zibilak ez du baztertzen ETAren baitan zatiketa izatea.