Politika -
sedizioaren erreforma
Podemosek ez du sinatuko diru publikoa bidegabe erabiltzearen zigorra murriztuko duen delituaren aldaketa
Unidas Podemosek esan du zalantzak dituela epaileek legea ezarri lezaketen moduarekin. Alabaina, legea aurrera ateratzea ahalbidetuko dute.
agentziak | eitb media
PSOEk eta ERCk adostutako diru publikoaren bidegabeko erabileraren zigorra murrizteko zuzenketa sinatzearen aurka agertu da Unidas Podemos, zalantzak dituztelako epaileek legea nola aplikatuko luketen. Hala ere, legea aurrera ateratzea erraztuko dute, nahiz eta ez duten adierazi babesa emango dioten ala ez. Unidas Podemoseko iturriek argitu dutenez, ez dute zuzenketa sinatuko, ustelkeria kasuetan eragina izan dezakeelako.
Unidas Podemosen babesa beharrezkoa da zuzenketa aurrera atera dadin, aitzitik, koalizio moreak ez du aurreratu zein jarrera hartuko duten.
PSOE eta Unidas Podemos Zigor Kodea erreformatzeko proposamen bat aurkeztekotan ziren gaur Kongresuan, diru publikoaren bidegabeko erabilera mota berri bat gehitzeko -lau urtera arteko kartzela zigorra eta sei urtera arteko gaitasungabetzea ekarriko luke administrazio publikoaren barruan aurrekontuak irregularki desbideratzeak-. Azkenean, ordea, ez du zuzenketa sinatuko.
Gauzak horrela, Podemosek adierazi du ez duela utziko desbideratzen "sedizio delitua indargabetzea edo Auzitegi Konstituzionala desblokeatzea bezalako elementu garrantzitsuak dituen lege garrantzitsu bat". Gaur arratsaldean bilduko da Justizia Batzordearen ponentzia.