Politika -

Katalunia

Espainiako Gobernuaren alde sozialistak ERCri: "Ez da erreferendumik izango"

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Bruselan da, eta Exekutiboaren erantzuna Kongresuko osoko bilkuran izan diren ministroen eskutik etorri da.

Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta PSOEko idazkariorde nagusia Kongresuan. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta PSOEko idazkariorde nagusia Kongresuan. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta PSOEko idazkariorde nagusia Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak berriro ukatu du Katalunian erreferenduma egingo denik, baina Alderdi Popularrak ziurtzat jo du Zigor Kodearen erreformak horretarako "bidea zabalik" uzten duelako.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Bruselan da, eta Exekutiboaren erantzuna Kongresuko osoko bilkuran izan diren ministroen eskutik etorri da. Bertan, Maria Jesus Montero, Miquel Iceta eta Pilar Alegria izan dira, besteak beste, adierazpenak egin dituztenak: "Ez da erreferendumik izango".

"Pedro Sanchezen Gobernu batekin ez da inoiz horrelako erreferendumik egingo, ez modu erregularrean, ez irregularrean", erantzun du Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta PSOEko idazkariorde nagusiak, ERCk Montenegroko ereduan oinarrituta eskatzen duen adostutako erreferendumari buruz galdetu diotenean: gutxienez % 50eko parte-hartzea eta independentziaren aldeko botoak % 55 izatea.

Eztabaida irekita, Salvador Illa PSCko buruak ohartarazi dio independentismoari ez dela autodeterminaziorik izango. Illak galdeketa bat proposatu du, baina autogobernuari buruzkoa eta Estatutua erreformatzea ekarriko lukeena.

Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak uste du "albiste ona" dela PSCko buruak Katalunian kontsultak proposatzea, "behingoz" gaiaren inguruan eztabaida zabaltzeko.

Espainiako Gobernuak erreferenduma irmo ukatzen zuen bitartean, Pere Aragones Generalitateko presidenteak ziurtatu du ez duela "etsitzen" ezezko horren aurrean, eta Kataluniak "bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea" duela defendatu du, independentzia erreferendum batean.

Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagiak ziurtzat jo du erreferenduma, nahiz eta Espainiako Exekutiboak ukatu, eta "joera separatista hautestontzietan" epaitzea eskatu du, hauteskunde orokorrak aurreratuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès ERC