Politika -
Diputatuen kongresua
Mozal legea erreformatzeko lantaldearen bilera deitu dute, urtebete ez atzera ez aurrera egon ostean
Asteazkenean bilduko dira Kongresuan legea erreformatzeko osatutako lantaldean. Azken 12 hilabeteetan, legearen korapilo nagusiak askatzen saiatu da talde negoziatzaile bat (PSOE, Unidas Podemos, ERC, EH Bildu, EAJ eta JxCat daude tartean).
Agentziak | EITB Media
Herritaren Segurtasunerako Legea, mozal legea izenez ezagutzen duguna, erreformatzeko Diputatuen Kongresuan eratutako lantaldeak bilera egingo du datorren astean. Araua aldatzeko ekimenak urteak daramatza katramilatuta —2017an hura erreformatzeko eskaera egin zuen EAJk—, eta azken 12 hilabeteetan, talde negoziatzaile bat aritu da korapilo nagusiak askatu nahian (30 batzarretik gora egin dituzte).
Diputatuen Kongresuak bilera deitu du asteazkenerako, abenduaren 21erako.
Espainiako Gobernuko koalizio kideen artean (PSOE eta Unidas Podemos) desadostasun iturri izan da, baina duela urtebete lortu zuten bertan behera uzteko akordioa. Ordudanik, bi taldeok, ERC, EH Bildu, EAJ eta JxCat indarrekin batera, gai arantzatsuenak adosten saiatu dira.
EAJren hitzetan, izapideekin jarraitzeko "nahikoa aurrerapen" lortu ditu taldeak. Nolanahi ere, iturri parlamentarioak aipatuta EFE agentziak azaldu duenez, gai polemikoenen inguruan "akordioa itxi gabe" helduko da hitzordua.
Honakoak dira eztabaida gehien sortzen duten gaiak: manifestazioetan Poliziek erabili dezaketen materiala; protesta baten ostean istiluak badaude, deitzaileentzat zigor txikiagoak izatea (baldin eta liskarrak beste arrazoi bategatik sortzen badira); edota agenteei errespetua galtzeagatik ezar daitezkeen isunak.
Mikel Legarda EAJren diputatuak ohar batean nabarmendu duenez, talde jeltzalea "segurtasun eta eskubide eta askatasunen arteko oreka" bilatzen saiatu da, eta negoziazioetan "eskubideak bermatzearen aldeko irakurketa lehenetsi" dutela zehaztu du.