Politika -
Auzitegi Gorena
Fiskaltzak presoak aske geratzea geldiarazi ahal izango du gradu aldaketari helegitea jartzen badio
Hala, delitu larriengatik zigortutako presoak espetxetik atera edo hirugarren graduan uzteko erabakia bertan behera geratuko da auzitegiak errekurtsoari buruzko erabakia hartu arte.
Agentziak | EITB Media
Fiskaltzak presoak aske geratzea geldiarazi ahal izango du, baldin eta espetxe-zaintzako administrazioak edo epaitegiak ematen dien gradu aldaketari helegitea jartzen badio, eta hori bertan behera geratuko da auzitegiak errekurtsoari buruzko erabakia hartu arte.
Hori litzateke Auzitegi Gorenak ostegunean argitaratu zuen epaia aplikatzeak izango lukeen ondorioetako bat. Izan ere, epai horren arabera, fiskalak delitu larriengatik zigortutako presoak espetxetik ateratzea edo hirugarren graduan sailkatzea dakarten erabakiak, judizialak edo administratiboak, errekurritzen baditu, neurriak etete-ondorioak izango ditu, harik eta eskumena duen auzitegiak behin betiko ebazpena eman arte.
Hemendik aurrera ETAko presoei eman dakizkiekeen hirugarren graduetan eragina izango duen jurisprudentzia da, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) sail juridikoko iturriek adierazi dutenez.
Iturrien arabera, printzipioz, Gorenaren erabaki hori ez litzateke atzeraeraginez aplikatuko, hau da, ez lieke eragingo hirugarren gradua lortu duten presoei, baldin eta hirugarren gradu edo baldintzapeko askatasuneko erregimenean badaude fiskalaren errekurtsoa ebazten den bitartean.
Hala ere, hemendik aurrera gradu hori lortzen dutenek ezin izango dituzte espetxe-onura horiek izan, fiskalak helegitea jarri badu, errekurtsoa ebatzi arte.
Hogeita hamar preso baino gehiago hirugarren graduan utzi dituzte azkenaldian, eta fiskalak ez du kasu guztietan errekurritu.
Bestalde, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek, Sare herritarrarekin batera, elkarretaratzea egin dute Bilbon, urtarrilaren 7an Bizkaiko hiriburuan 'Etxera bidea gertu' lelopean egingo den manifestazioaren alde, presoei aplikatzen zaien espetxe-politikaren "salbuespenezkotasuna desagertzea" aldarrikatzeko.
'Etxera bidea gertu' leloa zeraman pankarta baten atzean, euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuetako idazkari nagusiek elkarretaratzea egin dute Bilboko Moyua plazan, Sarek urtarrilaren 7an deitutako manifestazioaren alde.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hedabideen aurrean adierazi duenez, "sakabanaketa oraindik existitzen dela gogoratzen jarraitu behar dugu". Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, berriz ere kalera atera dira "presoek etxera itzultzeko duten eskubidea defendatzeko eta aldarrikatzeko".
Raul Arza UGT-Euskadiko idazkari nagusiak adierazi duenez, elkarretaratze honekin, "beste urte batez, zoritxarrez, urte asko iraun zuen gatazka bat ixteko beharra aldarrikatzen dugu".
Era berean, LAB sindikatuak manifestazioa egin du Iruñeko Alde Zaharrean, presoak "etxera itzultzea" eskatzeko. Joseba Pagola Iruñeko LABeko idazkariak esan du "beharrezkoa" dela "familietatik milaka kilometrora dauden euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak desagertzea".