Politika -
Katalunia
Aragonesek datorren urtean autodeterminazio erreferendumaren inguruko "akordio handia" lortzea proposatu du
"Barne zilegitasuna" lortu nahi du Generalitateko presidenteak, erreferenduma "Estatuaren aurrean" eta nazioarte mailan defendatzeko.
Agentziak | EITB Media
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak 2023 ezarri du "akordio handia" lortzeko, autodeterminazio erreferenduma berriro egin ahal izateko. "2023 urtea izan behar da Kataluniak argitasunari buruz egindako proposamenari forma emateko", esan du Gabonetako hitzaldian.
Kataluniako gizartean kontsultaren inguruan "adostasun zabala" dagoela defendatu du buruzagi katalanak. "Horregatik, 2023an, Generalitateak eztabaida bat bultzatuko du, elkarrizketa handi bat, gizarte osoarekin, adostasun hori taxutzeko eta bistaratzeko", azaldu du.
Aragonesen ustez, lehen urratsa da Kataluniako alderdiak ados jartzea "Kataluniak erabakitzeko eskubidea berriro noiz gauzatu ahal izan behar duen" zehazteko, "alde guztiak barne sentitzeko eta mundu guztiak emaitza onartzeko baldintzetan".
Katalunian lortutako akordioa nahikoa zabala izatea eta "Estatuaren aurrean herrialde proposamen gisa" defendatzeko "barne zilegitasuna" izatea nahi du presidenteak, "nazioartean ere azaltzeko eta homologatzeko modukoa" izan dadin.
Gainera, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa "fruituak ematen" hasi dela defendatu du Aragonesek, sedizio delitua indargabetzeari eta dirua bidegabe erabiltzearen delituaren erreformari erreferentzia eginez.
"Aurrerapauso hauek urriaren 1eko errepresaliatuen egoera hobetzen dute. Eta, batez ere, ezinbesteko urratsa dira amnistiaren ondorioak lortzeko, errepresio mota guztiei behin betiko amaiera emateko", gaineratu du.