Politika -
Elkarrizketa
Iturgaiz: "Aparta izatetik negargarria izatera igaro da Osakidetzaren kudeaketa"
Itxaron zerrenden arazoari aurre egiteko zer egingo lukeen galdetuta, adierazi du "mantal zuria daramatenei" kasu gehiago egin behar zaiela. "Jaurlaritzak sumendi bat du zabalik Osakidetzarekin", esan du.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
PPk Euskal Autonomia Erkidegoan duen presidente Carlos Iturgaiz Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da astearte honetan, non, besteak beste, Osakidetzaren afera hartu duen hizpide. Itxaron zerrenden arazoari aurre egiteko zer egingo lukeen galdetuta, adierazi du "mantal zuria daramatenei" kasu gehiago egin behar zaiela. "Jaurlaritzak sumendi bat du zabalik Osakidetzarekin. Berriro ere gauza bera gertatu da, eta asko dira jada dimisioa eman duten sailburuak. Kudeaketa arazo bat dago guzti horren atzean, aparta izatetik, Urkulluren hitzetan, negargarria izatera igaro baita gestioa", esan du.
Ildo horretan, iritzi dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ospitale ezberdinen artean piztutako "gerra" gelditu behar duela: "Ez diote zezenari adarretatik heldu".
EH Bilduri ere kritika egin dio kritika Iturgaizek. Legebiltzarkide guztiekin topa egingo lukeen galdetuta, ezezko biribila eman du. "Gertaera oso larrien aurrean, beste alde batera begiratu dute askok; are gehiago, gertaera horiek justifikatu dituzte zenbaitzuk. Pertsona horiek defizit demokratikoa dute. Legalak dira zenbait epailek hala erabaki dutelako, baina ez demokratikoak direlako. Horiekin ez daukat topa egiteko asmorik", adierazi du.
Mahai gainean jarritako gaien artean, PPren hautagaitzei buruz ere jardun du, nahiz eta ez duen ezer aurreratu nahi izan. Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako hautagaiak urtarrilean aurkeztuko dituzte, haren esanetan.
Azkenik, eta Auzitegi Konstituzionala berritzeko aukera galdu ostean Espainiako Gobernuak aktibatuko duen "B plana"ren harira, zera nabarmendu du: "Gertatu den guztia Espainiako Gobernuaren erruz jazo da. Denbora asko pasatu da Alberto Nuñez Feijook Sanchezi Justizia berritzeko proposamena egin zionetik. Horretarako, funtsezko planteamendu bat egin zion: epaileak eurak izatea epaileak aukeratzen dituztenak. Sanchezek, baina, zakarrontzira bota zuen ideia hura", erantsi du.
Gainera, salatu du sozialisten asmo bakarra dela Espainian botereak ez banantzea. "Justizia nahieran erabili nahi dute, proposatzen dituzten lege denak aurrera atera daitezen. Horretan EAJ da Sanchezen arnasgailu artifiziala, babesa ematen baitio. Hori da gaur egun bizitzen ari garena", bukatu du.