Politika -
Krisia Nafarroan
Barcinak Jimenez kargutik kendu du, eta PSNk Gobernua utzi du
UPNren eta PSNren arteko ituna behin betiko hautsi da. PSNk dimititzeko eskatu die Gobernuko kargudun sozialista guztiei.
Erredakzioa
UPNren eta PSNren arteko gobernu ituna behin betiko hautsi dute, gaur goizaldean Yolanda Barcina Nafarroako Exekutiboko presidenteak Roberto Jimenez presidenteorde eta PSNko idazkari nagusia kargutik kendu eta gero.
Erabaki horren ondorioz, Anai Astiz eta Elena Torres kontseilari sozialistek dimisioa aurkeztu dute, eta PSNk Gobernuan dituen kargudun guztiei eskatu die gauza bera egiteko.
Horren ildotik, Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak baieztatu egin du sozialistak "oposiziora" pasatuko direla, UPNk ituna "hautsi" egin duela iritzita. Jimenezek agerraldia egingo du 19:00etan.
UPNko zuzendaritza eguerdian batzartuko da, egoera aztertzeko. Ondoren, 14:30ean, Carlos Garcia Adanero idazkari nagusiak prentsaurrekoa eskainiko du.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Barcinak "desleialtasuna" eta "Nafarroaren sinesgarritasuna kolokan jartzea" egotzi dio Jimenezi. Izan ere, atzo, buruzagi sozialistak ohartarazi zuen altxortegiko "zuloa" hilaren 1ean aitortutakoa (132 milioi euro) baino handiagoa dela.
Arratsaldean, PSNk premiazko bilera egin zuen, eta Barcinari berari leporatu zion Gobernuaren egoera ekonomikoa.
Barcinak 00:30ean jakinarazi dio erabakia Jimenezi, telefonoz. Handik gutxira, Torresek eta Astizek dimisioa aurkeztu dute, eta PSNk Gobernuko zuzendari nagusi eta kargudun sozialista guztiei "gauzak batzeko" eskatu die.