Politika -
Krisia Nafarroan
Bildu: 'Hauteskundeak deitu eta aurreratzea da aukera bakarra'
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak (UPN) Roberto Jimenez presidenteordea (PSN) kargutik kendu izana ez ditu oposizioko alderdiak ezustean harrapatu.
Erredakzioa
Uxue Barkos GeroaBaiko diputatuaren arabera, Yolanda Barcinak (UPN) Roberto Jimenez (PSN) presidenteordea kargutik kentzeko erabakia hartu eta gero, "agerikoa zen" krisi politikoa.
Bestalde, esan duenez, "ez datoz bat errealitatean ikusten ari diren zenbakiak Gobernuak emandakoekin". Gainera, "ezin dakioke esfortzu handiagoa egitea eskatu Nafarroako gizarteari. Jimenezen arabera daukan barne defizitarekin nahikoa dauka".
Patxi Zabaleta: 'Ordezkatu beharreko Gobernua da'Patxi Zabaleta parlamentuko Nafarroa Baiko bozeramailea Gobernu krisiari "presazko konponbide"a ematearen kontra agertu da, nahiz eta bere alderdiarentzat "aspaldian aurreikusitako" krisia izan.
"Zuzendu eta ordezkatu beharreko Gobernua da Nafarroakoa", gaineratu du Zabaletak. Hala ere, ez du etorkizunari begira suposiziorik egin nahi zian, baina Nafarroa Baik egoeraren erantzukizunari aurre egingo diola azpimarratu du, duela urtebete hautesleek "Gobernu progresistaren eta ezkertiarraren alde egin baitzuten".
Bildu: 'Hauteskundeak deitu behar dituzte'Bakartxo Ruiz eta Mayorga Ramirez Bilduko bozeramaileen iritziz, UPN eta PSNren koalizio-gobernuaren hausturaren ondoren, hauteskundeak aurreratzea da aukera bakarra, herritarrek "egoeraren inguruan duten iritzia entzun behar delako".
Ramirezek prentsaurrekoan adierazi duenez, "urtebe oso txarra izan da Nafarroarentzat, politika, ekonomia eta gizartea arloetan", UPNk eta PSNk "herritarrei bizkarra emanda agindu dutelako, herritarren borondatearn kontra eta Nafarroako historian izandako gizarte murrizketarik handienak egiten".
PPN: 'Desleialtasun zantzuak zeuden'Enrique Martin de Marcos PPNko presidenteak "desleialtasun zantzuak" aipatu ditu Roberto Jimenezen kargu-uztearen inguruan aritu denean. Martin de Marcosen iritziz, "desleialtasun zantzuak" daudenean, "Yolanda Barcinak hartutako erabakia hartzea baino ez dago".
Kazetariek Nafarroako Parlamentuko bilkuraren atarian egindako galderei erantzuteko, PPNko agintariak Barcinak "Gobernuko presidentearen lana" egin duela azpimarratu du, "Gobernu lanetan estu-estuan lan egiten zuen pertsonarekin konfiantza osoa galdu duelako, bere ustez, desleialtasun arrazoiengatik".
I-E: 'Gobernuak ez du Parlamentuaren babesik'Jose Miguel Nuin Nafarroako Parlamentuko Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak esan du Nafarroan aukera guztiak zabalik daudela: "hauteskundeak, zentsura mozioa edo UPN-PSNren ituna berriro indarrean sartzea". Horrez gain, UPNren Exekutiboari "Nafarroako Parlamentuaren konfiantza politikoa" galdu duela ohartarazi dio.
Nafarroako Parlamentuko bilkuraren atarian kazetariei egindako adierazpenetan, "Barcina UPNren eta PSNren botoekin aukeratu zutela" esan du, eta bi alderdien arteko akordioa haustean, Barcinaren Gobernuak "Parlamentuaren konfiantza politikoa" galdu duela nabarmendu du.