Politika -

De Miguel auzia

Hazik azaldu du De Miguel ez dela "konfiantzako karguduna" ezta gerentea ere

Fundazioak gogorarazi du Arabako EAJko buruzagi ohiaren aurkako epaia ez dela irmoa, eta hori gertatzen denean hartuko dituela erabakiak.

Alfredo De Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Argazkia: EFE
Alfredo De Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Argazkia: EFE
Alfredo De Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Hazi fundazioak azaldu du Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiak ez duela "inolako konfiantza kargurik" erakundean, eta ez dela "gerentea". Horren ildotik, 2010etik "langile mugagabea" dela zehaztu du.

2019ko abenduan, De Migueli 13 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Arabako Lurralde Auzitegiak, ustelkeria delituak egotzita. Une honetan, baina, epaia ez da irmoa, Auzitegi Gorenak helegiteak ebatzi behar dituelako.

Atzo, eldiario.es hedabideak publikatu zuen buruzagi jeltzale ohia Hazi fundazioko gerentea dela. Hori horrela, Hazi fundazioak ohar bat kaleratu du gaur, eta ukatu egin du De Miguel gerentea izatea. Erakundearen esanetan, 2010eko apirilean itzuli zen De Miguel bere plaza mugagabera, Arabako Aldundian kargudun publikoa izatea eskatutako eszedentziaren ostean. Besteak beste, haren zereginak hauek izan dira: urteroko kudeaketa plana diseinatzea eta proiektuak erakartzea.

Fundazioak dio "gardentasunez" jokatu duela, eta informazio hori guztia euren zuzendariak berak eman zuela 2020 eta 2021 urteetan egindako bi agerralditan.

Bestalde, erakundeak azpimarratu du De Miguelen epaia oraindik ez dela irmoa, eta hori gertatzen denean hartuko dutela erabakiren bat, "irizpide juridikoak eta administratiboak" kontuan hartuta.

Era berean, Hazi harrituta agertu da, De Miguelen lanpostuaren inguruko informazioa "publikoa" zelako eta Eusko Legebiltzarra bera ere jakitun zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Eusko Jaurlaritza berriak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak De Miguel Auzia