Politika -
Espetxe politika
Sare: "Herri honi dagokio euskal presoak noiz eta nola itzuliko diren etxera, nola gizarteratuko diren"
Bilboko manifestazioaren amaieran irakurritako agirian, "konponbidean parte aktiboa" izateko konpromisoa berretsi dute Sare Herritarrak eta Bake Bideak, eta "mendeku grinez" ari diren Espainiako eta Frantziako auzitegi berezien jarduna salatu.
EITB Media
Milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Bilbon, "Etxera bidea gertu" lelopean, ETAko presoen eskubideen alde urtero antolatzen den manifestazioan. Martxa 17:00ak pasata abiatu da La Casillatik, eta Bilboko Udaletxe parean bukatu da, 18:30ak inguru.
Ibilbidean zehar euskal presoen eta euren itzuleraren aldeko oihuak entzun dira, eta dispertsioaren azken txanpan gaudela azpimarratu dute antolatzaileek. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek mobilizazioan parte hartu dute, eta martxa Zabalburu plazara iritsi denean, Mikel Laboaren "Txoria txori" kanta abestu dute parte-hartzaileek.
Biktima guztiekiko enpatia
Orduan agiria irakurri dute Sare Herritarra eta Bake Bidea elkarteetako ordezkariek (Joseba Azkarraga eta Anais Funosas, hurrenez hurren). Biek ala biek nabarmendu dute subiranotasuna da euren aldarri nagusia, hots, herri honek erabakitzea presoak "noiz eta nola itzuliko diren etxera eta nola gizarteratuko diren". Euren ustez, modu horretan "guztiok bergizarteratuko gara, terminoaren zentzurik baikorrenean".
Bi taldeon esanetan, "indarkeria guztion biktima guztiek merezi dute gure errespetua haien minaren aurrean, eta gobernuen aldetik tratu berdina jasotzea ere merezi dute". Hori gabe, hau da, biktimen auzia zein ETAko presoen egoera konpondu gabe, "ezin izango dugu elkarbizitzaz hitz egin". Horren ildoan, elkartasuna adierazi nahi izan diete preso eta senideei, eta elkartasuna eta enpatia, indarkeria guztien biktimei.
Azpimarratu dutenez, "bizikidetza eraiki nahi du euskal gizarteak, konfrontazioz eta indarkeriaz betetako hamarkaden ondoren. Amaiera eman nahi diogu indarkerien eta errepresioaren zikloari, bakea, elkarbizitza eta konponbidea lortzeko zikloa abiarazteko". Hain justu, konponbiderako bidean "parte aktiboa" izateko konpromisoa berretsi dute biek ala biek.
Puntu horretan, konponbiderako bidean "oztopo" direnak hartu dituzte ahotan: "Herri honek benetako bakea eta bizikidetza lortzea eragotzi nahi dutenak, hauen artean Espainiako eta Frantziako auzitegi berezi eta fiskaltza antiterroristak". ETAko presoen eskubideen aldeko eragileek gaitzetsi egin dute justiziaren zati horren "mendekurako grina". Gogorarazi dutenez, ez dago inor kartzelan torturatzeagatik edo estatu-krimenak egiteagatik".
"Justizia esaten zaion horrek, zeinak, mendekuaren gainean oinarrituta, hemendik ehunka kilometrotara erabakitzen baitu gutxi ezagutzen dituen eta interesatzen ez zaizkion pertsonei askatasuna eman ala ez. Eta gainera, ez dituzte aintzat hartzen kondena luzeen ondorioz askatasunik gabe dauden pertsonen bilakaera positiboak, nahiz eta espetxeetako teknikarien erabakiek bilakaera hori ontzat hartzen duen", salatu dute.
Sare eta Bake Bidea taldeen aburuz, "giza eskubideen agenda ezin da egon komenientzia alderdikoiaren eta Estatuaren arrazoiaren mende. Giza eskubideak ezin dira partzelatan bereizi. Osotasun bat eratzen dute, gure herrian izan diren indarkerien ekintza jasan dutenekiko enpatia barne dela".
Azkenik, 34 urte "zailen" ostean, "urruntze politika ankerraren" zikloa "irabazita" dagoen honetan, esker oneko hitzak izan dituzte euskal gizartearentzat, "eskubideen urraketen kontra egiteagatik" eta baita "errepidean, Mirentxinekin, edo kalean, laguntza emanez, hiru hamarkada luzez aldarrikapenaren eta elkartasunaren garra piztuta mantentzea lortu dutenei". Halaber, gogoan izan dituzte preso zituzten senide edo lagun horiek bisitatzera zihoazenean edo bisitatik bueltan hildakoak ere.
Parte-hartzaileak
Mobilizazioan parte hartu dute, besteak beste, EH Bilduko, Podemoseko, ERCko, Juntseko, CUPeko eta BNGko kideek, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT sindikatuetakoekin batera. EAJk eta CCOOk, berriz, bat egin dute aldarrikapenarekin, baina ez dute ekitaldian parte hartu nahi izan.
Hori horrela, bertan zeuden, EH Bilduren aldetik, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentaria, Oskar Matute diputatua, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigaia eta Arkaitz Rodriguez Sorturen buruzagia, beste batzuekin batera.
Bertan izan dira baita ere Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELAren eta LABen idazkari nagusiak, eta Joan Tarda ERCren diputatu ohia eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente izandakoa.