Politika -

LETen auzia

Griñanen espetxeratzea etetea eskatu du Fiskaltzak, gaixotasunaren inguruko "txosten zehatzagoa" izan arte

Auzitegiko medikuak Andaluziako presidente ohia ez espetxeratzea aholkatu zuen, prostatako minbizia argudiatuta. Jose Antonio Griñani sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten enplegu-erregulazioko espedienteen auzian.

Griñan (eskuinean) eta Chabez (ezkerrean), EFEren artxiboko irudi batean.
Griñan (eskuinean) eta Chabez (ezkerrean), EFEren artxiboko irudi batean.
Griñan (eskuinean) eta Chabez (ezkerrean), EFEren artxiboko irudi batean.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Sevillako Auzitegi Medikuntzako Institutuari eskatu dio Jose Antonio Griñan Andaluziako Juntako presidente sozialista ohia espetxeratzea bidezkoa den ala ez argitzeko txosten zehatzagoa egin dezala. Griñani sei urteko kartzela zigorra ezarrio zioten enplegu-erregulazioko espedienteen auzian.

Andaluziako Juntako presidente ohiaren defentsak, baina, eskakizuna bertan behera uzteko eskatu zion Sevillako Auzitegiari, gerora sortutako gaixotasun larri bat argudiatuta.

Testuan, ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Sevillan dituen fiskal ordezkariek adierazi dutenez, Sevillako Auzitegi Medikuntzako Institutuak 2023ko urtarrilaren 3an emandako txostena ikusita, eta kontuan izanda Griñanek oraindik ez duela tratamendua hasi, "auzitegiko medikuak, gaixotasunaren bilakaeraren azterketa egin behar zela ikusita, ondorioztatu zuen ez zela komeni espetxean sartzea, harik eta Urologia eta Onkologia Raditerapikoko Zerbitzuek Patologia Onkologikoa jarri ziotela baieztatu arte".

Sevillako Auzitegi Medikuntzako Institutuak arrazoitu duenez, espetxean sartzeak "ez du laguntzen gaixotasunari aurre egiten, pertsonak eskura dituen baliabide guztiak behar baititu".

Auzitegi Gorenak uztailean berretsi zuen Griñani ezarritako kondena, sei urte eta egun bateko kartzelaldia. Ordutik, espetxean ez sartzeko ahaleginetan ibili da haren defentsa.

Joan den abenduan, baina, Griñanek zein beste sei zigortuek aurkeztutako erregu-errekurtsoak baztertu zituen Sevillako Auzitegiak, eta 10 eguneko epea eman zien espetxean sartzeko. Salbuespen bakarra egin zuen Auzitegiak: Agustin Barbera Enplegu kontseilariordeari kartzelan sartzeko agindua behin-behinean eten zion gaixo zegoela kontuan hartuta.

Hori da, hain justu, Griñanen abokatuek orain baliatu nahi duten argudioa. Diotenez, buruzagi sozialista ohiak "sendaezina den gaixotasun larria" du (prostata minbizia, nonbait) eta, kartzelan sartuta, ezingo du behar duen tratamendua jaso. Horrenbestez, Sevillako Auzitegiak erabaki du momentuz bertan behera gelditzea espetxealdia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika EEE Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak