Politika -
Ekitaldi politikoa
Erreskatea eskatu arren, Espainiak harrotasunari eustea salatu du EAJk
Lehendakaria "errealitatetik kanpo" egotea deitoratu du Urkulluk, egungo egoera "oso-oso larria" izanda.
Erredakzioa
"Espainiako bankuak erreskatatu ezean, Espainiako erresuma erreskatatu beharko dute", esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Hala ere, eta egoera larria izan arren, "Espainiak harrotasuna agertzen jarraitzea" kritikatu du. Halaber, Patxi Lopez lehendakariari "egoerari lotutako plana" aurkeztea eskatu dio.
Mundakan Busturialdeko Alderditar Egunaren harian egindako ekitaldian, EAJko agintariak egoera "oso-oso larria dela" azpimarratu du, eta Patxi Lopez lehendakaria "errealitatetik kanpo" egotea deitoratu du.
"Gertatutakoak izena dauka: erreskatea. Gertatutakoak arrazoi bat dauka: inprobisazioa. Espainiako erresumak bankuentzako erreskatea eskatu du. Bankuak erreskatatu ezean, Espainiako erresuma erreskatatu beharko dute", adierazi du Urkulluk.
Euskadin egoera "txarra da"Era berean, Euskadiko egoera ekonomikoa "txarra" dela esan du Urkulluk, aste honetan bertan Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak egindako analisia gezurtatuta. Aguirreren arabera, euskal Administrazioaren ekonomiak ona izaten jarraitzen du eta EAJren mezuek izua piztea baino ez dute nahi.
Urkulluren hitzetan, aldiz, Patxi Lopezen Exekutiboak "zorra zortzi bider handitu du hori urtetan, eta, gainera, zor hori ohiko gastuek sortu dute".