Politika -

Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk ustelkeriaren aurkako bulegoa eskatu du, hirugarren aldiz, "De Miguel kasua errepika ez dadin"

Koalizioaren lege proposamenean salatzaileen babesa arautzea eskatzen dute, "jende askok ez dituelako ustelkeria kasuak salatzen horrek arazoak baino ekarriko ez dizkielakoan".

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko lege proposamena sartu du Eusko Legebiltzarrean. Horixe egiten duen hirugarren aldia da, aurreko bi aldietan porrot egin ostean.

Koalizioak oraingoan legea onartuko dela espero du, Auzitegi Gorenak De Miguel kasuaren zigorrak berretsi ostean "EAJri eta PSE-EEri aitzakia guztiak amaitu zaizkielako", Iker Casanova legebiltzarkidearen esanetan.

EH Bildurentzat beharrezkoa da bulego hori sortzea "ustelkeriari aurre egiteko eta diru publikoaren erabilera egokia bermatzeko baliabide faltagatik", baina baita "De Miguel kasua bezalakoak berriro errepika ez daitezen".

"Herri duin batean bizi nahi badugu, mekanismoak eduki behar ditugu ustelkeriak eta praktika okerrek tokirik izan ez dezaten", azpimarratu du Casanovak.

EH Bilduk prentsa-ohar batean adierazi duenez, "De Miguel, Marguello, Karrantzako Minda, Balentziaga, Gipuzkoako Ogasuna, Bidegi, Pinasolo…" kasuek agerian uzten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla "oasi bat", eta "hemengo instituzio eta administrazioak ere ustelkeriak zipriztinduta daudela".

"Ez dakigu kasu isolatuak diren ala izozmendiaren tontorra bakarrik ikusten ari garen, baina gizartean ezin da instalatu ustelkeria, tramak, entxufeak, klientelismoa, lagunkeria eta faborezko tratuak normalak diren ideia", gaineratu du.

EH Bilduren lege proposamenak ustelkeria kasuak salatzen dituztenen babesa arautzea jasotzen du, "jende askok ez dituelako ustelkeria kasuak salatzen horrek arazoak baino ekarriko ez dizkielakoan".

EH Bilduk aurreko legegintzaldian ere aurkeztu zuen ekimen berbera, baina ez zuen aurrera egin hauteskunde aurrerapenaren eraginez.

2020an ere lege proposamena sartu zuen, baina atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Ustezko ustelkeria politikoa EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak