Politika -
Gobernu krisia Nafarroan
Barcinak finantza publikoen egoera azalduko du Parlamentuan
UPN-PSN akordioaren hausturaren ostean, "oposizioko alderdien artean, zentsura mozio bat aurkezteko elkartasun nahikorik" ez dagoela esan du Uxue Barkosek.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea Parlamentuan izango da erkidegoko kontu publikoen eta UPN-PSN akordioaren hausturara eraman duen krisiaren egoera azaltzeko.
Aho batez onartu du Bozeramaileen Mahaiak eta Batzordeak Barcinak berak aurkeztutako ekimena, izan ere, erkidegoko finantzen egoera azaltzeko Parlamentuan egotea eskatu zuen.
Halaber, Gobernu krisiaz hitz egiteko Bilduren ekimen bat ere onartu dute, hilaren 15ean gertatu zen haustura baino lehen eginiko eskakizuna.
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaile eta idazkari orokorrak adierazi duenez, Barcinaren asmoa Nafarroako kontuen egoera azaltzea da eta ildo honetan, "ezkutatzeko ezer ez dagoela" argitzea.
Kontuak batzorde batek ikertzea eskatu dute
Batzorde batek "mugarik gabe" erkidegoaren kontuak ikertzearen alde azaldu dira PSN, NaBai, Bildu eta I-E, egun nola dauden eta egungo egoerara eraman duten kausak eta ondorioak azaltzeko.
Bozeramaileen batzordearen ostean berretsi dute eskaera alderdiek.
Zentsura mozio batentzat ez dago "elkartasun nahikorik", Barkosentzat
Bestalde, UPN-PSN akordioaren hausturaren ostean, "une honetan ez dago oposizioko alderdien artean elkartasun nahikorik zentsura mozio bat aurkezteko", adierazi du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak. "Askok oraindik ez dugu konfiantza nahikoa Alderdi Sozialistak horrelako zerbait egin ahal izateko", esan du Barkosek Geroa Baien oinarriak aurkezteko egin duten prentsaurrekoan.
"Aukera bat da, dudarik gabe, eta beharrezkoa bada ez dugu saihestuko, baina une honetan, aurretiko pauso bat beharrezkoa da, hau da, Nafarroako kontuen egiazko egoeraren berri izatea", ondorioztatu du.