Politika -
D3M eta Askatasuna
Ezker abertzalea: 'Absoluzioa pauso positibo bat izan da'
Maribi Ugarteburuk "poz handia" agertu du Auzitegi Nazionalak D3Mko eta Askatasuneko auzipetuak absolbitu eta gero.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak adierazi du D3Mren eta Askatasunaren aurkako epaiketa "euskal gizarteak" irabazi duela, eta euskal gizarteak berak "benetako demokrazia" ekarriko duela Euskal Herrira.
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu D3Mko eta Askatasuneko 13 auzipetuak, ez baitago frogatuta "nahita" ETAren alde jardun direnik.
Hori horrela, Ugarteburuk prentsaurrekoa eskaini du Arantza Urkaregi auzipetuarekin batera, epaia baloratzeko, eta "poz handia" agertu du. Bozeramailearen esanetan, absoluzioa "pauso positiboa" da, baina "pauso bakana" ez izatea espero du: "Espainiako Estatuaren inpunitate politikak desagertu egin behar dira".
Bestalde, Urkaregik esan du honek "azken epaiketa politikoa" izan behar duela, eta epai posible bakarra "absoluzioa" zela.
Auzipetuak salatu du egindako "lan politikoagatik" epaitu dituztela, eta "askatasunaren eta pertsona guztientzako eskubideen alde" lanean jarraituko dutela.