Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Baldintzarik gabe espetxera bidali dute material piroteknikoarekin gutunak bidaltzeagatik atxilotutako gizona
Jose Luis Calama magistratuak sei terrorismo delitu leporatu dizkio atxilotuari, besteak beste, Espainiako Gobernuko presidenteari, Ukrainako eta AEBko enbaxadei eta Margarita Robles Defentsa ministro espainiarrari gutun bidez material piroteknikoa bidaltzeagatik.
EITB MEDIA
Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali du material piroteknikoarekin gutunak bidaltzeagatik Miranda Ebron atxilotutako 74 urteko gizona. Guztira, material piroteknikoarekin sei gutun bidaltzea leporatzen diote: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Ukrainako eta AEBko enbaxadei, Margarita Robles Defentsa ministro espainiarrari, Zaragozako Instalaza enpresari eta Torrejon de Ardozeko (Madril) Aire Baseko sateliteen zentroari.
Gaur argitaratutako autoan, sei terrorismo delitu leporatu dizkio atxilotuari: terrorismoko lau delitu eta terrorismo larriagotuko bi delitu (Sanchezi eta Roblesi bidaltzeagatik). Halaber, helburu terroristarekin lehergailu sukoiak edo su-eragileak erabiltzea egotzi dio.
Epailearen ebazpenaren arabera, atxilotuaren asmoa "bake publikoa larriki aldatzea" zela agerian uzten dute egozten zaizkion ekintzek (substantzia leherkorrak dituzten sei gutun bidaltzea hiru egun desberdinetan), testuinguruak (Ukrainako gerra) eta paketeen hartzaileek. Hori guztia ondorioztatu du, nahiz eta talde terroristako kide dela esateko zantzurik ez egon.
Terrorismo larriagotuko bi delitu horien inguruan magistratuak adierazi du gutunak berariaz bidali zizkiela Espainiako Gobernuko presidenteari, izena eta lehen abizena jarrita, eta Defentsa ministroari.
Egozten zaizkion delituek 20 urteko kartzela zigorra izan dezakete.
Espetxeratze autoaren aurka erreforma errekurtsoa aurkez diezaiokete aldeek hiru eguneko epean eta apelazio helegitea, bost eguneko epean.